Seaskak 30. ikastetxea irekiko du aurki Ziburun, baimena lorturik

Hiru mila ikasle ukanen dituzte ikastolek aurten; Paueko Ikuskaritzarekin ituna urte amaiera baino lehen egitea espero dute

Aitor Renteria.
Ziburu
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Borondateak mirariak egiten ditu, eta, horrela, belarra baino ez duen orube baten ondoan, ondoko asteetan Seaskaren 30. ikastetxea bertan kokatuko dela iragarri du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Administrazioaren azken trabak gainditurik, eraikitzeko baimena noiz helduko zain dago Seaska, Ziburuko Herriko Etxeak eraikina pausatzeko baimena emateko.

Ez da erraza izan eraikitzeko baimena lortzea. Herriko etxeak orubea alokatuko dio Seaskari, legeak horrela aginduta. Prozeduraren atzerapenak denbora galtzea eragin du. Hastapenean hamabi haurrekin ireki behar zuten ikastola. Atzerapenengatik, ordea, lau edo bost baino ez dira izanen. «Ez digu kezkarik eragiten, Ziburu baita Lapurdi kostaldean ikastolarik ez zuen azken herria, eta aurki beterik egonen da», nabarmendu du Indok ziurtasunez.

Seaskak 3.000 ikasle ukanen ditu aurten: 2.200 lehen mailan, eta 800 bigarren mailan. Iaz baino 150 ikasle gehiago ukanen ditu, beraz. Joan den asteartean 2.959 ikasle hasi ziren Seaskan, eta 2 urteko ehun ikasle gehiago sartuko dira ondoko egun eta asteetan.

Paueko Akademia Ikuskaritzak bertan behera utzi zituen urteetan adosturiko prozedura eta izenpetzear zen hitzarmena. Ikastolen Kontseiluak haserrea adierazi zuen, okupazioak bultzatuko zituela jakinaraziz. Hitzarmena urrian edo urtea bukatu aitzin izenpetzea espero dute Seaskako arduradunek.

Katolikoetan ere, gora

Murgiltze ereduan eta eredu publikoan ez ezik, hezkuntza pribatu katolikoan ere gora egin du bi eleko irakaskuntzak. Eskola pribatu katolikoek 16.359 haur eskolatu dituzte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan; iaz baino 144 haur gehiago dira. 2.902 daude bi eleko ereduan, 2.094 lehen mailan, eta gaineratekoak, bigarren mailan. Lurralde mailako eskaintzak desoreka handia du, ordea. Adibidez, lehen mailetan, 38 haur baino ez dira L'Argente Baionako eskola elebidunean, Zuraideren gisako herri txiki batean bezala. Maulen ez dago eskaintza elebidunik, eta Zuberoan eskaintza bakarra dute, Altzain (22 ikasle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.