Seaskak biharko deitu martxa babestu dute beste bost eragilek

Konfederazioak, LABek, Kontseiluak, Batasunak eta ABk 0hartarazi dute irakasle postuak gutxitu izanak sorturiko kalteaz

Erredakzioa
Baiona
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Irakasle lanpostu gehiagoren eske Seaskak biharko Baionan antolatu duen manifestazioarekin bat egin dute Kontseiluak, Euskal Konfederazioak, Abertzaleen Batasunak, Batasunak eta LABek. Ipar Euskal Herriko ikastoletan behar adina irakasle ez izateak euskarari eragiten ahal dion kalteaz ohartarazi dute, eta protestarako deia zabaldu. Bihar arratsalderako, 17:00etarako, jarria dute ordua, Baionan. Kasu, ikastolak kexu izango du goiburu elkarretaratzeak.

Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dizkiolako behar adina irakasle postu adjudikatzen, karrikan egingo du kexua Seaskak. Aurten, murgiltze ereduaren bermatzeko, ikastolek beren gain hartu behar izan dituzte 17 postu; heldu den urtean, gauzak aldatzen ez badira, 22 beharko dituzte hartu, orain baino bost gutxiago aitortu baitizkie Frantziak. Dirutza handia da hori ikastolentzat, eta «jasanezina» zaie, Paxkal Indo Seaskako presidenteak azken asteetan nabarmendua duenez.

Salaketarekin bat egin dute LABek, ABk, Batasunak, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak. Sindikatuak dioenez, irakasleak eta langileak ari dira pairatzen hezkuntzaren murrizketen ondorioak. Haren arabera, eskola porrota areagotzeko arriskua handitu daiteke, eta ikastoletan, arriskuan dago murgiltze eredua. Irakasleen egoeraz ere kontu egiteko eskatu du LABek. Salatu du ordezkapen batzuk egiteari utzi diola akademiak eta behin-behinekotasuna areagotzen ari dela.

Seaskari jarritako oztopoek euskararengan izango duten eraginari buruz ohartarazi dute Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak. Hizkuntza gazteengan txertatzeak berebiziko garrantzia duela esan dute, eta Seaskak egindako lana goraipatu: «Ezaguna da sortu zenetik euskararen alde egin duen lana. Milaka ikasle euskaldundu ditu, eta euskara lau haizeetara zabaldu». Orain, irakasle postuak gutxitzeak arriskuan jarri du hori, eta atzera egiteko eskatu diote Frantziari. «Seaska saihestezinezko eragilea dela onartzen dute erakundeek, Hezkuntza Ministerioak barne. Ele ederretatik harago joan behar du».

Frantziaren asmoak

Seaska ataka estuan jarrita bere jarrera agerian utzi du Frantziak, ABren eta Batasunaren irudikoz. Hitza jan du estatuak, Abertzaleen Batasunaren ustez: «Ez ditu bere engaiamenduak bete. Aldi bat gehiago, Frantziak erakustera eman du ez dela konfiantzazkoa». Euskararen ofizialtasunaren mesedetan, lurraldetasunean urratsak egitearen alde egin dute bi alderdi politikoek. Batasunak adierazi du «hizkuntz politika integrala» ezinbesteko dela Ipar Euskal Herrian, eta ofizialtasuna dela horren oinarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.