Seaskak lurrak erosiko ditu Ziburuko ikastolarentzat

Azken aterabide gisa aurkeztu dute lur pribatua erostearen deliberoa.Kanpaina bat abiatu da lurrak balio duen 300.000 euroak biltzeko

Joanes Etxebarria.
Baiona
2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ez da nahi zuten aterabidea, baina ez balitu lur pribatuak erosiko, Ziburuko Kaskarotenea ikastolak (Lapurdi) ateak itxiko lituzke. Horrela aurkeztu zuten atzo Kaskaroteneko eta Seaskako arduradunek hartu duten erabakia. 300.000 euro balio duten lurrak ondoko egunetan erosiko ditu ofizialki Seaskak, eta heldu den sartzean ikastola lur horietan plantatuko dela iragarri dute.

Laida Mujika ikastolako lehendakariaren hitzetan, ez zen espero zuten aterabidea: «Guk nahi genuen herriko etxeak ikastolaren ardura hartzea. Zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu; beraz, normala iruditzen zitzaigun herriko etxeak bere gain hartzea lurra edo zerbait... Ez dugu lortu». Muturreko egoera batera helduak zirela argi du: «Edo bagoaz pribatura edo ikastola itxiko da». Eta hori pentsaezina zitzaien.

2012an ikastola sortu zenetik, herriko etxeak utzi zion gune berean da Kaskarotenea, Marinela deituriko auzoan. Azken hilabeteetan, ordea, Guy Poulou auzapezak hamaika ahalegin egin ditu handik kanporatzeko: argindarra eten zien, Paueko Auzitegi Administratibora jo zuen, eta ikastola hor egoten den egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaintzera kondenatu zuten...

Egoera horretan pribatura jotzea amore ematea ez ote den galdeturik, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak argi du ezetz: «Ez da ahantzi behar, halere, ikastola anitz eremu pribatuetan eginak izan direla —Sohüta, Donibane Garazi, Ortzaize...—. Ez dira gauzak alderantziz ikusi behar: legeak ukatzen du eremu publikoan jartzea; beraz, lorpena da lortzen dugun aldi oro». Gaur egun, Ipar Euskal Herriko ikastolen herenak baizik ez da eremu pribatuan.

Baina aipatu beste ikastolen egiteko lur eremuak pribatuak badira ere, Ziburuko prezioak ez dira berdinak: garestiak dira. «Nahi badugu ikastola bat Ziburun, Ziburuko prezioei aurre egin behar diegu», esan du, ildo horretan, Mujikak. Gainera, beste gune batzuetan ikastolak garestiago atera izan direla oroitu zuten atzoko aurkezpenean.

Kanpaina bat dirua lortzeko

Indok iragarri duenez, ondoko egunetan izenpetuko dute ofizialki erosketa. Baina Seaskako lehendakariak errepikatu du «hiru Herri Urratsetako irabaziak» beharko lituzkeela Seskak gastuei aitzin egiteko. Lurra erosteko baliatu dituen 300.000 euroak biltzeko kanpaina abiatu du, beraz, Seaskak. Aurtengo Herri Urratsen irabaziak horretara bideratuko dituzte, hain zuzen. Usaian baino goizago aurkeztu zuten horregatik, atzo, maiatzeko besta, kanpainaren berri emateko.

Beste bi ekitaldi ere lotu dituzte Ziburuko ikastola laguntzeko xedez. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko iazko finalistek bertso saioa eginen dute apirilaren 18an, Baionako antzokian, 18:00etan.

Apirilaren 23an, berriz, kirol erakustaldi bat da izanen elkartasun zubia. Hernaniko eta Ordiziako (Gipuzkoa) errugbi taldeek partida jokatuko dute Ordizian. Beste hainbat ekintza ere izanen direla jakinarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.