Seaskak manifestaziora deitu du larunbaterako Baionan, suprefetak Hendaiako ikastola eraikitzeko jarritako traben aurka protesta egiteko. 15:00etarako jarri dute ordua, PSren egoitzaren atarian; Suprefeturara joango dira handik.
Ikastolen eredua arriskuan dela ohartarazi dute. Joan den ostiralean zabaldu zen Patrick Dallennes suprefetak Hendaiako auzapezari eskatu ziola ikastola berriaren xedea bertan behera uzteko. Auzapezak pentsatu zuen kulturgune bat eraikiz eta Seaskari utziz haren erabilpena Falloux legea saihestuko zutela. Suprefetaren erabakiak bidea moztu dio Hendaiako egitasmoari, eta, horrekin batera, arriskuan ezarri ikastolen geroa, eraikuntza gehienak lege hori saihestuz egin eta bermatzen baitira gaur egun.
Asteburuan, larrialdiko bilkura egin zuten Seaskako bulegoko kideek, egoera aztertzeko. Hendaiako ikastola berriak konponbide beltza du epe laburrera, haien ustez. "Aurrez fabrikatutako eraikinak ez baditugu baliatzen, nekez saihets dezakegu suprefetaren erabakia", dio Indok. Baina erabaki horrek Falloux legearen eragina indartzen du, eta Indok nabarmendu du nolabait ikastolen aurka baliatzeko jurisprudentzia edo erreferentzia sortzen duela.