Seaskako ikasleak hilaren 12an hasiko dira eskolara itzultzen

Espainiako Hezkuntza Ministerioa aztertzen ari da gela bakoitzeko ikasle kopurua hamabostera mugatzea irailetik aurrera.

Ahetzeko ikastolako (Lapurdi) ikasleak, artxiboko argazki batean. GUIILAUME FAUVEAU
2020ko maiatzaren 4a
20:21
Entzun

Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministro eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiak argi hitz egin du astelehenean: «Txertorik ez baldin badago, ikastetxeek ikasleen erdiak izango dituzte geletan». Heraldo de Aragón egunkarian egindako elkarrizketa batean esan du hori. Ikasturtea irailean hasiko da, eta autonomia erkidego bakoitzak erabakiko du hango egutegia nolakoa izango den.

Espainiako Hezkuntza Ministerioa irailera begira jarri da dagoeneko, eta, Efe berri agentziari esan diotenez, ezinbestekoa izango da «osasunaren segurtasunerako neurriak hartzea eta tarteak uztea», aztertzen ari baitira gehienez hamabost ikasle egotea gela bakoitzean.

Hezkuntzako eragileek argibideak eskatu dizkiote Zelaari, konfinamendua arintzean ikasgeletara itzul litezkeen bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta 6 urtetik beherako ikasleentzat lehenik, eta datorren ikasturtean itzuliko diren guztientzat ondoren.

Ipar Euskal Herrian, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak esan du ikastolek maiatzaren 12an zabalduko dituztela ateak: «Ikastolak irekiko ditugu, eta protokoloa errespetatuko dugu, hori baita gure erantzukizun legal eta morala», adierazi du.

Euskal Irratietan egindako elkarrizketa batean azaldu du badituztela zalantzak aurrerantzean eman beharreko pausoen inguruan, eta aitortu du ikastolek ez dutela baliabide nahikorik. Frantziako Hezkuntza Ministerioak zehaztu zuen hilaren 11n irekiko dituztela eskolak, baina langileentzat soilik. Biharamunean hasiko dira ikasleak joaten, txandaka. Ikastoletan, lehen hezkuntzakoak izango dira lehenak hasten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.