Seaskako ikastola sarea babesteko, jendetza nahi dute bildu gaur Hendaian

Tren geltokitik 17:00etan hasiko da martxa; bertan izango dira AB, ezker abertzalea, EAJ, EA, Aralar, Alternatiba, ELA eta LABSuprefetura aitzinean protesta eginen dute astelehenean, Dallenesek gibelera egin ezean

Erredakzioa
Baiona
2013ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Baionako suprefetak eragindako haserreak eta arrangurak bat eginen dute gaur Hendaian, Lapurdin, arratsaldeko bostetatik goiti eginen duten manifestazioan. Ikasleak euskaraz hazten eta hezten Seaskak egiten duen lana sostengatzeko eta laguntza publikoak behar dituela aldarrikatzeko, tren geltokian jarria dute ordua. Gaurkoaz gain, astelehenean elkarretaratzea eginen dute Baionan, Suprefeturaren aurrean. Aste honetan Paxkal Indo Seaskako lehendakariak erran duenez, «eginkizun publikoa» baitute, laguntza publikoak behar dituztela aldarrikatuko dute.

Ez du hala uste Baionako suprefetak, eta ataka estuan jarri ditu Ipar Euskal Herriko ikastolak. Joan den astean Hendaiako herriko etxera igorri zuen gutuna, eta bertako ikastola handitzeko proiektua diruz ez laguntzeko agindu zion Battitta Salaberri auzapezari, 1850eko lege batek agintzen baitie erakunde publikoei hezkuntza pribatua ez laguntzeko.

Astelehenean prentsaurrekoa eman zuten Seaskako ordezkariek, Hendaiako Herriko Etxeko arduradunek eta Hendaiako ikastolako kideek. Arrangura agertu zuten, eta Patric Dallenes suprefetari galdegin zioten gibelera egin dezala. Asteartez hitz egin zuen Dallenesek, France Bleu irratian: ikastola diruz lagunduz gero auzitara joko zuela berretsi zuen, baina herriko etxeari iradoki zion merkatuko prezioan aloka ziezaiokeela egoitza bat.

Guztiz onartezina da jarrera hori Seaskako kideentzat. Ostegunez kaleratu zuten agirian oroitarazten dutenez, «ez die Herri Urrats batek, arrakastatsuenak ere, gure ikasleen garapenak sortzen dituen gela beharrei erantzunen». Herriko etxeen ekarpenak azken urteetan emendatu badira ere ikastola gehienak «mukuru» beteak direla eta laster handitu egin beharko direla ohartarazi du Seaskak.

Ikastolak, «legearen mugan»

Dallenesek eskuetan hartu duen 1850eko legea zorrotz beteko balitz, bestalde, 30 ikastola «legearen mugan» leudeke, eta suprefetaren jarrerak euskarazko murgiltze eredua airean ezarri duela azaldu dute. Seaska osoa da arriskuan, beraz.

Horregatik, babesa ukan du gaurko Hendaian egina duten deialdiak: alderdi abertzaleek bat egin dute —ABk, ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak, Aralarrek eta Ipar Euskal Herriko EAJk sostengatu dute manifestazioa, baita Batera plataformak ere—, sindikatuek —atzo bat egin zuten LABek eta ELAk—, herritarrek eta hautetsiek. Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek ere bertan izanen direla erran dute. Okzitaniako kalandreta ikastolen mugimenduak ere sostengatu du deialdia. Helburu batekin bilduko direla erran du Seaskak: «Ikastolen eta euskararen geroa aldarrikatuko dugu Hendaiako karriketan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.