Paueko Kontseilu Nagusiak egoitzetako eraikuntza edo eraberritze lanak egiteko laguntza emanen dio Seaskari. Xalbador kolegioko eraberritze lanak egiteko, 1,3 milioi euro emanen dizkio-aurrekontua 2,5 milioi eurokoa da-, eta 1,5 milioi euro, Seaskaren egoitza egiteko Kanbon (Lapurdi). Azken lan horien aurrekontua 3 milioi eurokoa da. 2011ko aurrekontuen ildo nagusien aurkezpenean erabaki horren berri eman dute Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidente eta kontseilari nagusiak eta Max Brisson kontseilari nagusiak.
Laguntza horiek «Frantziako legearen errespetuan» emanen direla nabarmendu du Brissonek. Izan ere, Falloux legeak elkarte pribatuen eraikuntza lanetarako laguntza publikoa ematea debekatzen du. Laguntzak lege horren markoan emanen direla agindu du Brissonek.
Euskara sustatzeko ohikoak diren diru sailak emendatuko direla jakinarazi dute. Izan ere, Kontseilu Nagusiak milioi bat euroko partida onartu du horretarako. Diru hori EEP Euskararen Erakunde Publikoak kudeatzen du, hizkuntza politika garatzeko. Kontuan harturik Estatuak, Akitaniak eta Kontseilu Nagusiak EEPren aurrekontuen herena jartzen dutela bakoitzak, pentsatzekoa da EEPren datorren urteko aurrekontua bederen hiru milioi eurokoa izanen dela. Kopuru horri erantsi beharko litzaioke Eusko Jaurlaritzak Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin euskara sustatzeko emandako laguntzak. Hartutako engaiamenduak mantentzen badira, 400.000 euro inguru eman beharko lituzke Eusko Jaurlaritzak, eta aurrekontu orokorra 3,4 milioi eurokoa litzateke.
Kontseilu Nagusiak euskarari dion atxikimendua berriz ere frogatu duela adierazi du Brissonek. Euskararen transmisioa ez hausteko egin beharreko urratsa dela erran du: «Euskararen familia baitako transmisioa hautsi da, eta horregatik gure engaiamendua funtsezkoa da transmisioa bermatzeko. Gure erantzukizuna betetzen ez badugu, ondoko belaunaldiek pairatuko dute, eta ez digute barkatuko».
Aurrekontu sozialak
Datozen ostegun eta ostiralean bozkatuko den aurrekontua aurkeztu zuen Lasserrek. Orotara, 806.430.578 eurokoa izanen da. Krisialdi ekonomikoak zorroztasuna eragiten badu ere, aurrekontuetako gizarte arloa %5,8 emendatuko dela azpimarratu zuen Lasserrek. «Adierazgarria da krisialdi garaian aurrekontuetako elkartasun atala emendatzea».
Ibilmolderako aurrekontua 535.878.439 eurokoa izanen da, eta inbertsio arloko aurrekontua abantzu 200.000.000 eurokoa. Orain arteko zorpetze apalak azaltzen du aukera hori, Lasserren arabera. Ekonomiaren egoera onak diru sarrera handiak eragin zituelarik, Kontseilu Nagusiko presidentea zen Lasserre. «Orduan deliberatu genuen zorpetzea murrizketa, eta erabaki zuzena izan zela frogatu da, orain ekonomia suspertzeko eta gizarte ezberdintasunak arintzeko baliatzeko parada dugulako».
Agenda 21 izeneko egitasmoko ardurak barneratzen dituen aurrekontua dela nabarmendu du Lasserrek. Klima aldaketaren aurkako borroka agintarien ardura nagusienetarikoa bihurtu dela erran zuen. Ingurumenaren arta garatzeko osatu zuten Agenda 21 izeneko plangintza, eta horren harira 66 ekimen egingo dituzte. «Gure jardunaren bizkarrezur bihurtuko da, eta, horregatik, 116 milioi euro baliatuko dira zeregin horretan».
Alzheimerrari buru egiteko plangintza osatzea deliberatu du Kontseilu Nagusiak. Horretarako, ez du diru sail zehatzik finkatu oraindik. Planaren osaketari ekin ahal izateko, 100.000 euroko saila onartu du 2011ko lehen sei hilabeteetarako. «Duela hamar bat urte departamenduan adineko jendea hartzeko prest zeuden 150 familia zeuden, eta orain 100 baino ez dira» azaldu du. Alta, gero eta gehiago dira azken egunak euren ingurumenean edo antzekoan eman nahi dituzten adineko pertsonak.
Gaztetxoei begira, kultura eta kirol pasaportea eskaini nahi ditu oraingo honetan Kontseilu Nagusiak. Kulturari dagokionez, kolegioko ikasleei begira osatu du aurtengo eskaintza. Kultur eskaintzen prezioa apaltzea proposatuko die eragileei Kontseilu Nagusiak.
Seaskaren eraikuntza lanei 2,8 milioi euroko laguntza emanen die Pauek
Xalbador kolegioa eraberritzeko, 1,3 milioi euro emanen dizkio, eta Seaskaren egoitza egiteko, 1,5 milioi euro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu