politika

Seberiano Ormaza ANVko kide historikoa hil da

Alderdiko Batzorde Historikoko buru zen 2002tik.

2010eko otsailaren 9a
18:11
Entzun
Seberiano Ormaza Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) alderdiko kide historikoa hil gaur, Bermeon (Bizkaia), Busturialdekohitza.info-k dioenez. Alderdiko Batzorde Historikoko buru zen 2002az geroztik -2007ko urriko Kongresuan hautatu zuten azkeneko aldiz horrako-.

2007ko udal hauteskundeetan ANVko zerrendetan aurkeztu zen Bermeon. Urte bereko irailean omenaldia egin zioten herrian.

"Gizon askeak Aberri askeentzat da ANVren nortasuna agertzen duen lema", zioen Ormazak 1984an Argia-k elkarrizketa egin zionean. Haren beste esan batzuk: "Euskal Herrian geure kultura dugu, eta sozialismo bat egin behar badugu geure mailarako egin behar dugu", "[Espainiako] gerra izan ez balitz asko zabalduko zen gure alderdia, langileak guregana etorriko baitziren", "esan izan da ANV Euzko Alderdi Jeltzaletik sortu zela eta ez da hori egia", "gure etxean betidanik izan gara abertzaleak eta 'Eusko Lurra' oso inportantea izan zen niretzat", "1930. urtean sortua da Eusko Abertzale Ekintza (...) 1930etik autodeterminazioa sartua du bere programan. Euskal Herriak bere buruaren jabe izan behar duela erabat ikusten duzu ANV alderdi sozialista eta indepententista dela", "nor da orduan hemen terrorista? Euskal Herriaren kontra ari dena, eta hori Espainiako Gobernua da. Orain dela ehun eta berrogeitamar urtetik orain arte. 'Pakea' esaten dute, eta guk ere nahi dugu, baina askatasuna ere nahi dugu, eta preso eta exilatu guztiak etxeratzea. Hori gabe ezin da. Kontra egiten badigute guk ere kontra segiko dugu".

Bihar egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna, Bermeon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.