Gurasoak, irakasleak eta ikasleak bildu dira Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak eskola segregazioaren kontra deitu duen mobilizaioan.
Ehunka lagun elkartu dira, 18:00etan mobilizazioak izan dituen hiru elkarguneetan: Merkatu eta San Anton plazetan, eta Prado parkean. Hiru puntu horietatik zutabeak abiatu dira, eta Ama Zuriaren enparantzan egin dute bat.
Abiatu dira segregazioaren aurkako protestaren zutabeak, Gasteizen. Andre Maria Zuriaren plaza dute helmuga. "Publikoa sare bakarra", "Ez, ez, ez, segregaziorik ez!" eta "Gora eskola publikoa!" aldarriak ozen. Txistuak Ajuria Enea albotik pasatzerakoan. @berriapic.twitter.com/dl1CQkzvpa
— Aitor Biain (@Aitorbi) 2018(e)ko maiatzaren 25(a)
Manifestariek eskola publikoaren aldeko eta segregazioaren kontrako leloak oihukatu dituzte. Eusko Jaurlaritzaren azken urteotako politikenganako desadostasuna agertu dute, Ajuria Enea ondotik eta Eusko Legebiltzarraren albostik pasa direnean.
Legebiltzarraren aurrean geratu da Prado parketik abiatu den zutabea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari mezuak: "Uriarte, entzun, eskola publikoa borrokan dago", "publikoa, sare bakarra". @berriapic.twitter.com/ApKGvsWRp3
— Aitor Biain (@Aitorbi) 2018(e)ko maiatzaren 25(a)
Manifestazioaren amaieran, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak kritikatu ditu Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak. Haren esanetan, gobernuak "desberdintasuna sustatu du" eta "familien arteko sailkapen onartezina eragin" du, sendien maila sozialaren, jatorriaren, hizkuntzaren eta sinesteen arabera. Egoera horrek kasu askotan "eskola segregazioa" sortu duela salatu dute.
Horrez gain, eskola publikoa bigarren mailan uztea ere leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. Deitzaileen esanetan, kontzertazio eredua unibertsalizatu du gobernuak eta ikastetxe pribatu guztiek diru publikoa jasotzen dutela adierazi dute, horiek "familia askorentzako gaindi ezinak diren filtroak" ezartzen dituzten arren, "legez kanpokoak diren kuotekin".
Azaldu dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan atzerriko jatorria duten familietako edo baliabide eskaseko ikasleen %75ak ikasten du eskola publikoan, eta ehuneko hori %92koa da Gasteizen, haur eta lehen hezkuntzan. Hori dela eta matrikulazio bakarrerako udal bulegoak sortzeko galdegin dute, diru publikoz finantzatutako ikastetxe guztietan doako hezkuntza laikoa bermatze aldera.
Jendetza batu da "Denona eta denontzat, segregaziorik ez" lelopean egindako Euskal Eskola Publikoaren aldeko protestan, Gasteizen. Ekitaldia hastear dira Andre Maria Zuriaren plazan. "Adreiluz adreilu eraiki dugu, ez dugu erortzen utziko". @berriapic.twitter.com/s7F5US30N2
— Aitor Biain (@Aitorbi) 2018(e)ko maiatzaren 25(a)
Segregazio egoerei aurre egiteko plan bereziak ere galdegin dizkiote Jaurlaritzari, eta hezkutza proiektu "elitista eta baztertzaileak" finantzatzeari uzteko exijitu diote.
Manifestazioari babesa agertu diote EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo alderdiek; LAB, Seteilas, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek, eta arlo anitzeko 50 bat elkartek.