Gaur 17:00ak baino lehen sutea piztu da Seguran (Gipuzkoa) Aingeru Goardakoa aterpetxean, Goierriko Hitza-ren webak argitaratu duenez. Eraikinaren azken solairua (beheko oina eta beste bi solairu ditu) eta teilatua izan dira kaltetuenak, eta teilatua ere behera etorri da. Ordiziako (Gipuzkoa) suhiltzaile parkeko hiru unitate, lau kamioirekin, bertan ari dira sugarrak kontrolatzeko ahaleginetan.
Adin txikiko etorkinen harrera etxe gisa funtzionatu du azkenaldian Segurako Aingeru Goardakoa aterpetxeak. 34 gazterentzat tokia du, baina 20 bat gaztetxo zeuden Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes egoeran, eta bihar ziren egoitza hori uztekoak. Hain zuzen, Tolosako (Gipuzkoa) egoitzan berritze lanak egin bitartean, behin-behinean bizi ziren Segurako aterpetxean gazteak.
Sutea sortu denean aterpetxea bera eta alboan dagoen Laiotz herri eskola ere hustu egin dute. Herrizaingo Sailaren arabera 34 adin txikiko, hiru hezitzaile, arduradun bat eta bi zaintzaile daude Segurako aterpetxean. Zauriturik ez dagoela baieztatu dute.
Sutea zerk sortu duen ez dute argitu oraindik. Sugarrak itzaltzen bukatutakoan hasiko da Ertzaintza frogak hartzen eta sorburua ikertzen.
Sutea
Segurako Aingeru Goardakoa aterpetxean sutea sortu da, eta kalte handiak eragin ditu
Adin txikiko etorkinak harrera egoeran daude, eta bihar ziren uztekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu