Espainiako Zigor Kodea aldatzeko ekinbidea, segurtasun pribatua arautzeko egitasmoa, hiri segurtasuna jomuga duen lege proiektua… Espainiako Gobernuak abiarazi dituen araudi aldaketak, besteak beste, "polizia indarkeriaren erabilera estrategikoari" modua emango diola salatu du Cesar Manzanosek, Arabako Salhaketako bozeramaileak. "Badirudi hiri segurtasuna bermatu beharko luketen legeak estatuaren segurtasun interesen alde moldatzen dituztela, askatasunak eta eskubideak bermatu beharrean".
Salhaketa presoen aldeko elkarteak, Tortura Prebenitzeko eta Salatzeko Koordinakundeak eta Eleak mugimenduak zenbait ekinbide abiaraziko dituzte egoera horiek salatzeko. Alde batetik, "azalarazi" dute Espainiako Segurtasun Indarrek eta autonomia erkidego batzuetako poliziek dituzten jokabide "ez-demokratikoak", bai protesta mugimenduen aurrean baita zigor sisteman ere. Ildo horretan gogorarazi dituzte Espainiako Estatuko espetxe eta polizia etxeetan baieztatutako 43 heriotzak.
Bestetik, "araudi aldaketen, gobernuaren errepresioaren eta aktibismoaren kriminalizazioaren" aurrean nork bere burua presta deza,n jardunaldi batzuk iragarri dituzte apirilaren 3, 4, 7 eta 8rako. "Salaketa, mobilizazio eta autoantolaketa" jardunaldiekin bukatzeko, mobilizazio bat egingo dute apirilaren 11n, Espainiako araudi aldaketen aurka.