Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun kontseilariordeak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, aitortu du lantokietara joateko langileen artean banatuko diren maskarak ez direla erabat eraginkorrak. Adierazi du "gogoragarri" bat direla, koronabirusaren aurkako "bitarteko eraginkor bat baino gehiago". Izan ere, zehaztu duenez, garbitasunerako erabiltzeko maskarak dira, eta ez osasungintzan erabiltzekoak.
Hego Euskal Herriko metro, autobus eta tren geltokietan eta lanerako bidean langileak pilatu daitezken lekuetan banatuko dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 495.000 maskara inguru banatuko dituzte. Izan ere, milaka langile lantokira itzuliko dira, funtsezkoak ez diren jardueren geldialdia amaituta. Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako duen ordezkaritzak ekarri ditu, maskarak erabiltzeko eskatu ondoren. Babes Zibilak, DYAk eta Gurutze Gorriak banatuko dituzte.
Zubiagak azaldu du, ordea, maskara horiek ez dutela bermatzen ez kutsatzea eta horregatik berdin-berdin eutsi beharko zaiola garbitasunari eta pertsonen arteko distantziari. "Ez kutsatzen laguntzen dute, baina ez badira eskuak garbitzen eta distantzia mantentzen, ez", adierazi du. Gaineratu du "paper moduko bat" direla eta behin bakarrik erabiltzekoak. "Etorkizunean iritsiko dira beste mota batzuetakoak", adierazi du.
"Ez kutsatzeko baino gehiago, maskara hauek kontzientziatzen laguntzeko direla pentsatu behar da. Distantzia mantentzea zailagoa den leku batean, garraio publikoan adibidez, gogoratzeko neurri bat da", esan du.