Euskara

Segurtasun zaindariek jo egin dituztela salatu dute NUPen greban diren ikasleek

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikasteko eskubidearen alde greba antolatu du hango ikasle talde batek. Goizean goiz unibertsitateko sarrera nagusietan pankartekin jarri direla agertu dute, "bake-bakean". Segurtasun zaindariek, ordea, bortizki joka, "legez kanpoko borrekin kolpatuz", sakabanatu nahi izan dituztela salatu dute.

2006ko maiatzaren 18a
17:59
Entzun
Unibertsitateko atean diren ikasleek berria.info-ri agertu diotenez, gaur greba eguna zela-eta ohikoetatik kanpo Prosetecnisa enpresako sei bat zaindari berri jarri ditu gaur NUPek, "handi-handiak, ohikoak baino oldarkorragoak". Hain zuzen ere, zaindari berri horiek izan bide dira pankartekin atean jarri diren ikasleak jo dituztenak. "Gu lasai-lasai geunden atean jarrita, gure aldarrikapenen berri ematen, eta zaindari horiek borrekin joka hasi zaizkigu. Niri buruan sekulako kolpea eman didate, atzetik. Gainera, legez kanpoko borrak erabiltzena ari dira", azaldu du ikasleetako batek.

Une hartan Espainiako Poliziaren sei bat furgoneta handik hurbil zeudela erantsi du ikasle horrek, eta gertatutakoaren lekuko izan direla. Istilua lehertzen hasi direnean joan direla zehaztu du.

Hala ere, berriro pankartei heldu eta sarreretan jartzea lortu dute ikasleek, zaindariak parez pare dituztela. Aipatutako iturrien arabera, 200 bat ikasle ari dira protesta horretan parte hartzen.

Hizkuntz eskubideak errespetatzeko ez ezik, Burillo errektorearen dimisioa ere eskatzen dute ikasleek, hain justu, halako protesten aurrean agertu duen agintekeria jarreragatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.