Orain hemeretzi urte hartu zuen lehen aldiz Iruñeko Udaleko zinegotzi kargua Ignacio Polok. Urte horietan, bi agintalditan izan da Hiri Segurtasunerako zinegotzia. Udalean urte gehien daramatzan zinegotzia da. Simon Santamaria udaltzainburu izendatu zutenean bera zen Herritarren Segurtasunerako zinegotzia. Hamabost urte egin dituzte elkarrekin lanean, eta harreman handia dute. UPNren profila erabat betetzen duen politikaria da, eta alderdiaren erabateko babesa du. Urte hauetan, zinegotzi karguak ematen dizkion hainbat pribilegio modu desegokian erabiltzea leporatu diote zenbaitek. Aurreko igandeko auto istripua ez da kasu bakana, akabuaren akabua izan da. Segurtasunaren zaindariaren eredugarritasun ezak salatu du.
Polo zinegotziak erabiltzen zuen udaleko autoa ezaguna zen Iruñean. Volkswagen etxearen Polo auto zuria. Horrek hitz-joko erraza egiteko aukera ematen duen arren, anekdota hutsa baino ez da. Arazoa da Iruñea osoak ezagutzen duela, bere laneko autoa zinegotziak modu heterodoxoan erabiltzen zuelako. Jarrera hori ezagutu da, bereziki, Imanol Reta iruindarraren gafasblancaspamplona.blogspot.com.es blogaren eraginez. Reta ez dago ados Santamaria udaltzainburuak eta Polo zinegotziak aurrera daramaten politikarekin. Beraz, haren aburuz, salagarriak diren kontuak argitaratzen ditu blogean. "Santamariaren jauntxokeriak salatzeko hasi nintzen blogarekin". Blogean Retak hainbatetan salatu du Polok laneko autoa eta aparkatzeko baimen berezia egunero eta edozein egoeratan erabili dituela. "Nik ikusi dudanagatik, Polok nahieran erabiltzen zuen laneko autoa. Herritar guztien autoa. Nahi duena egiten duen pertsona da Polo, bere etxaldean dagoela uste du". Blogean idatzitakoengatik, bi aldiz salatu dute Santamariak eta Polok Reta. Baina, bi kasuetan, epaileak salaketak artxibatu ditu.
Polo Hiri Segurtasunerako zinegotzia zen astelehenera arte. Beraz, udaltzaingoaren ardura politikoa zuen. Iruñeko Udaltzainen Elkarte Profesionala sindikatuak hainbat gatazka izan ditu Polorekin. Euren aburuz, zinegotzi ohiak interes pertsonalengatik utzi zuen bertan behera zirkulazioa kontrolatzen zuen udaltzain motorzaleen unitatea. Poloren semea taxilaria da. Halabeharrez, unitateak Poloren semea salatu zuen hainbat aldiz, besteak beste, ustez drogak hartuta gidatzeagatik. Zenbait irregulartasun izan ziren, unitateak egin zituen salaketekin. Orduan, poliziakideek egoera hori salatu zuten. Eta, egun batetik bestera, unitatea desagertu zen. "Motorzale unitatea bertan behera uztea Polo zinegotziaren egoskorkeria izan zen. Unitate horrek egiten zituelako proba eta dokumentazio kontrolak", esan du Maite Santos udaltzainak eta Iruñeko Udaltzainen Elkarte Profesionala sindikatuko kideak.
UPNren politikaren zaintzaile
Mikel Gastesi Eusko Abertzale Ekintza alderdiko zinegotzia izan zen 2007 eta 2011 urteen artean. Zinegotzi izan zen urteetan, Polo Hiri Kontserbaziorako zinegotzia zen. Gastesik dio Polok UPNren profila erabat betetzen duela. Baina, oro har, hark ezagutu dituen UPNko zinegotzi guztiak nahiko antzekoak ziren. "Nire garaian Ana Elizalde zen Segurtasun zinegotzia, eta politika bera egiten zuen. Egia da, Polo ultraeskuindar eta kontserbadore hutsa da. Baina profil hori nik ezagutu dut UPNko zinegotzi gehienetan. Hau da, kontserbadore hutsak eta zuzentasunaren eta zorroztasunaren defendatzaileak. Hori bai, besteekin. Eurek nahi dutena egiten dutelako".
Gastesik Poloren izaera autoritarioa gogora ekarri du. "Batzordeetan ez zuen onartzen oposizioaren galderarik. Haserretu egiten zen. Haren ardurapeko gairen bat kritikatuz gero, batzordearen ostean aurpegiratu egiten zuen. Ez zuen ulertzen oposizioaren lana hori dela. Gehiengo absolutuan agintzera ohituta dago".
Aitor Sola Iruñea Askatasunez plataformako kidea da. Haren aburuz, Polok "UPNk Iruñean duen erregimena" zaintzen zuen, eta "UPNren hiri eredua bermatzen duen arduradun politikoa da". Eredu hori gogor salatu du Iruñea Askatasunez-ek. Solaren aburuz, "lehen eta bigarren mailako gizartea egin nahi dute. Lehen mailako biztanleek eskubideak izango dituzte, eta bigarren mailakoek, ez". Gastesik bat egiten du Solaren analisiarekin. "UPNren hiri eredua kontserbadorea eta elitista da. Eredu horretan dena izan nahi dute kontrolpean, eta ez dute nahi herritarrek parte hartzeko gunerik. Are gutxiago, ekinbide parte hartzaileek udala kritikatzen badute", dio Gastesik. Politika hori aurrera eramateko, udalak udaltzainak erabili dituela uste du. "Dena kontrolpean izan nahi dute. Horretarako egin zuten hiritar ordenantza. Polo da horren arduradun politikoa, eta ondoan behar du ordenantza betearaziko duen norbait. Horretarako hautatu zuten Santamaria udaltzainburu".
Ia hogei urte eman ditu Polok udal gobernuetan. Zuzentasun eta zorroztasunaren aldarria egin du beti, baina irregulartasun nabariek agerian utzi dute herritar ustez zintzoa.