Lapurtutako haurren auzia. Testigantzak

Sehaskatik ostutako biziak

Hego Euskal Herrian hainbat haur jaioberri lapurtu zituzten frankismoan eta ondorengo hamarkadan. Erakundeen babesa, laguntza eta konpromisoa eskatu dute egia jakin ahal izateko.

ainara arratibel gascon
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ez dugu mendeku nahirik. Egia jakin nahi dugu, eta hilda zeudela uste genuen jaioberri haiek koskortu direla eta ondo daudela ikusi». Anadir elkarteko Flor Diazen hitzak dira. Frankismoan eta ondorengo hamarkadan erietxeetatik lapurtutako haurren senideak biltzen ditu Anadir elkarteak, eta Diaz elkarteak EAEn duen ordezkaria da, eta hala azaltzen du zergatik jarri asmo dituzte salaketak. Hark bezala, Noemi Soriak, Sandra Gaztañagak eta Ana Pardok badakite ez dela erraza izango egia jakitea, eta Justiziak bide luzea egin beharko duela gertatutakoa argitzeko. «Uste baino hobeto utzi zituzten lotuta gauzak», nabarmendu dute. Dena den, senide haiei saiatzea zor dietela uste dute. «Sehaskatik ostu zizkiguten, baina ez gure burutik».

NOEMI SORIA «Sendagileen eta lekaimeen hitzek gehiago balio zutennire gurasoenek baino»

Noemi Soriaren ahizpa Gasteizko Arana klinikan jaio zen. «Haurdunaldia primeran joan zen, eta nire ahizpa osasuntsu jaio zen. Lau kilo pisatu zuen», azaldu du Soriak. 1971ko azaroaren 7a zen. Garai hartan ez zen ohikoa izaten jaioberriek gaua gurasoekin batera igarotzea. Hala, beste gela batera eraman zuten. «Hurrengo egunean haurra hil egin zela esan zieten gurasoei. Azaldu zietenez, zapata kutxa batean sartu, eta lur eman zioten. Baina ez ziren gogoratzen non». Ez zieten beste azalpenik eman. «Alderantziz, 700 pezeta kobratu zizkieten haurra lurperatzeagatik».

Soriaren gurasoek, ordea, ez zituzten erietxeko medikuek emandako azalpenak sinistu, eta ikertzen hastea pentsatu zuten. «Beti pentsatu izan dute haurra bizirik dagoela. Gainera, susmoa dute nori eman zioten. Baina garai hartan gurasoek ez zuten ikertzen hasteko baliabide eta modurik. Sendagileen eta lekaimeen hitzek gehiago balio zuten nire gurasoen hitzek baino».

Soriak eta haren anai-arrebek koskortzean jakin zuten zer gertatu zen. «Jolasten ari zela, nire ahizpetako batek familia liburua hartu zuen, eta hor ikusi zuen. Orduan kontatu ziguten istorioa». Soriak aspalditik zuen ikertzen hasteko gogoa. «Baina ez nuen gurasoek sufritzerik nahi, eta ez nintzen ausartzen. Aita lasaiagoa da. Amak, ordea, sekula ez du gainditu gertatutakoa. Orain ere, neurrian kontatzen dizkiote gauzak, oso gaizki pasatzen baitu».

Azkenean, duela bi urte hasi ziren ikertzen. «Telebistaren bidez, Cadizen izandako kasu baten berri izan genuen. Telebistakoek lagunduta, lapurtutako haur haren senideekin jarri ginen harremanetan, eta ikertzen nola hasi ziren kontatu ziguten».

Lehenbizi erietxera deitu zuten, jaioberriari buruzko dosierra eskatzeko. «Kaltetu askori trabak jarri dizkiete horretarako, baina guri ez». Agiria ikustean hasi ziren susmoak berresten. «Dosierrak dio nire ahizpa sei hilabeteko haurdunaldiaren ondoren jaio zela. Baina hori gezurra da. Hala izan balitz, ez zuen jaiotzean lau kilo pisatuko. Nire amak bederatzi hilabeteko haurdunaldia izan zuen».

Ondoren, Santa Isabel hilerrira joan ziren, ustez haurra lurperatu zuten hilerrira: «Erregistro liburuetan begiratu, eta 1971ko azaroan lurperatutako jaioberri bat bazegoela ikusi genuen. Baina azaroaren 23an ehortzi zuten, eta nire ahizpa hil zen egun berean lurperatu zutela esan zieten gurasoei sendagileek: azaroaren 7an».

Azkenean ikertzaile bat ere kontratatu zuten, eta horri guztiari esker jakin dute Soriaren ama artatu zuen sendagileak ginekologo gisa lan egiten jarraitzen duela. «70 urte inguru ditu, eta erietxe publiko batean eta pribatu batean egiten du lan. Harekin hitz egitea gustatuko litzaidake, zer gertatu zen jakiteko. Baina oraindik ez egiteko aholkua eman didate, pazientzia izateko». Soriak nahi bakarra du: «Nire ahizpa bizirik dagoela jakitearekin konformatzen gara. Hortik aurrera, gurekin harremanen bat izan nahi badu, gu pozik». Horretarako, ordea, oraindik asko falta dela uste du. «Nik uste baino zailagoa izaten ari da aurkitzea, oso ondo utzi baitzituzten lotuta gauzak. Dena den, ez dugu etsiko».

ANA PARDO «Autopsiaren emaitzak eman zizkidaten, baina ez zuen jartzen haurra zertaz hil zen»

«Alaba lapurtu zidatenak kartzelan ikusteak ez lidake aparteko poztasunik emango. Egin didatenmina ez da sekula arinduko». Burua hotz baina sentimenduz betetako ahotsarekin mintzo da Ana Pardo, mendeku nahirik gabe baina egia jakiteko grinaz eta itxaropenez. Udatik hona bizitzen ari dena «oso gogorra» dela aitortzen du. Baina alde ona topatzen saiatzen da. «Beti izan naiz oso pertsona baikorra, eta gauzen alde ona ikusten dut. Oraingoan ere hala izan da. Behintzat, nire alaba bizirik dagoela jakiteko balio izaten ari da hau guztia». Hemendik egun gutxira beteko ditu lapurtu zioten alabak 31 urte, eta garbi du, gertatutakoa «bidegabea» izan zen arren, bera ez dela nor haren bizimodua aldatzeko. «Maitatu eta babestu duen familia bat izan duela jakitearekin konformatzen naiz. Errespetatuko nuke gurekin ezer jakin nahi ez izatea. Baina bai guk eta bai berak egia jakiteko eskubidea dugu».

Torrevellan (Alacant, Herrialde Katalanak)jaio zen Pardo, eta orain ere han bizi da. Baina 1970eko hamarkadaren amaieran Irunera (Gipuzkoa) etorri zen bizitzera, orduko senarrarekin. Hark Renfen egiten zuen lan. «Oso gazteak ginen, 20 urte baino ez genituen. Baina gure ametsa seme-alabak izatea zen».

1979ko maiatzean haurdun zegoela jakin zuen. Haurdunaldia Irunen pasa zuen, eta hasiera batean bien nahia alaba Alacanten izatea zen. Azkenean, ordea, pentsatu zuten egokiagoa zela Irunen izatea. «Medikuak esan zidan Alacanten izan nahi banuen hilabete lehenago joan behar nuela hara. Baina ez nuen senarra bakarrik utzi nahi. Gainera, aproposagoa zen haurdunaldian artatu ninduen medikua egotea erditzean».

1980ko otsailaren 27an sartu zuten San Roman klinikan —Irungo Urdanibia plaza ondoan zegoen hori—. «Gerora jakin nuen erietxe hartan nirea bezalako kasu ugari egon zirela». Erditzea ondo joan zen, baina gero Pardo berehala hasi zen gauza arraroak nabaritzen. «Erditze gelatik irten, eta indizio bat jarri zidaten. Nik galdetu nien zergatik egiten zidaten hori, baina ez zidaten erantzun».

Berehala haurra ekarri zieten. Baina handik gutxira, hankatxoak apur bat moreak zituela esan zieten, eta berehala Donostiako Ospitalera eraman behar zutela. «Bi ordu pasatu ziren eraman zutenerako. Senarra anbulantzian joan zen haurrarekin. Nahiko azkar joan omen ziren, eta sendagileak oso urduri zeuden».

Senarra berehala itzuli zen Irunera, gaua berarekin igarotzera. Hurrengo egunean telefonoz deitu zieten, haurra hil egin zela esateko. «Ni oso gaizki nengoen, eta handik bi egunera senda-agiria emateko eskatu nuen. Han jarraitu banu, erotu egingo nintzen. Negar egiten entzuten nuen haur bakoitza nire alaba zela iruditzen zitzaidan».

Erietxetik irtetera zihoala, erditze gelan egondako lekaime batekin topo egin zuen. «Erditze gelatik irtendakoan jarri zidaten indizioa zer zen galdetu zidan, eta ez banekien saiatzeko argitzen. Nik ez nion aparteko garrantzirik eman horri, baina susmoa daukat bazuela. Zoritxarrez, ezin izan dut argitu, baina garbi daukat lekaime hark zerbait esan nahi zidala».

Erietxetik irtetean egin nahi izan zuen lehen gauza hilerrira joatea izan zen. Orduan jakin zuen senarra ez zela alabaren hiletan egon. «Sinestezina egiten zitzaidan. Urteak eman nituen haserre senarrarekin horregatik. Baina orain konturatzen naiz berari ere ez ziotela joaten utzi, ez zelako hiletarik egon. Orain ez gaude elkarrekin. Baina barkatzeko eskatu diot».

Handik hilabete batzuetara haurraren autopsiaren emaitzak eman zizkieten. «Haurrak ez zuela malformaziorik jartzen zuen. Baina ez zertaz hil zen. Medikuek ere ez zidaten hori argitu».

Pardo Alacantera itzuli zen bizitzera, eta berriro ere haurdun geratu zen. Hildako haurraren inguruan zituen mediku txosten apurrak Alacanteko sendagileari eraman zizkion, alaba jaioberriari probaren bat egin behar zioten ikusteko. «Handik egun batzuetara, itzultzeko eskatu, eta erantzun zidaten galdu egin zirela».

Beraz, Donostiara deitu zuen agiri horiek eskatzeko. «Han esan zidaten ez zegoela txostenik, ezta autopsiaren agiririk ere». Ezin zuen sinistu gertatutakoa, eta erietxeekin haserre, guztia ahaztea erabaki zuen. «Nahikoa sufritu nuen aldez aurretik».

Udan, ordea, lankide batek lapurtutako haurren kasuen berri eman zion, eta horietako batzuk Irunen izan zirela. Hala, ikertzen hastea erabaki zuen. «Irungo eta eta Donostiako hilerrietara deitu, eta egun haietan ez zutela haurrik ehortzi esan zidaten».

Ikerketarekin jarraituz, ustez galduta zeuden txosten haietako batzuk berreskuratzea lortu du. «Gauza arraroz beteta daude. Haurrari buruzko agirian, adibidez, nire izena ezabatuta ageri da, eta sehaskako zenbakia aldatuta». Zalantza horiek guztiak argitu nahi ditu orain, eta hala egia jakin ahal izatea.

SANDRA GAZTAÑAGA «Zoriontsu izan dela ikusi nahiko nuke, eta, ahal bada, besarkada bat eman»

Iazko abuztuan hasi zen ulertzen Sandra Gaztañaga gurasoek zergatik esaten zioten ezinezkoa zela anaiari hilerrira loreak eramatera joatea. Orduan hasi zen jabetzen anaia ez zela hil, baizik eta jaiotzean lapurtu egin zietela gurasoei. Horretaz jabetzearekin batera, gurasoei gertatutakoa azaltzea izan da hilabete hauetan gogorrena Gaztañagarentzat. «Haientzat sinestezina zen hori; batik bat, aitarentzat. Izan ere, berari ustez nire anaiarena zen gorpua erakutsi zioten». Orain, benetan zer gertatu zen jakiteko ari da borrokan. « «Lapurtu zituzten haur haiei zor diegu egia jakitea. Askok pentsatuko baitute gurasoek bazterrean utzi zituztela». Ez du horretarako «fedea eta itxaropena» galtzen. «Gurekin ez bada ere, zoriontsu dela ikusi nahiko nuke, eta, ahal bada, beskarkada handi bat eman».

Bien bitartean, ezin du burutik kendu 1981eko abuztuaren 20 hartan Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikan gertatutakoa. «Goizean amak ziztada moduko batzuk izan zituen sabelean, eta hilabete eskas geratzen zitzaionez erditzeko, erietxera joatea erabaki zuen». Medikuek han geratzeko agindu zioten. Orduan hasi zen amesgaiztoa. «Ama, pijama jarri, eta ohean sartu zen. Hortik aurrera gogoan duen gauza bakarra zera da: esnatu eta ez zuela triparik. Beraz, uste du anestesiaren bat jarri ziotela».

Berehala Gaztañagaren aita agertu zen, negarrez eta haurra hil zela esanez. Medikuek ustez txikiarena zen gorpua erakutsi zioten. «Ez duela sekula irudi hori ahaztu dio, eta haurra oso handia eta beltzarana zela». Amari, ordea, ez zioten utzi ikusten. «Behin eta berriz esan zien ikusi nahi zuela. Baina ezetz erantzun zioten. Oso gauza gogorra zela, eta hobe zuela lasaitu eta erditzetik osatzea. Ehorzteaz beraiek arduratuko zirela ere agindu zioten».

Hilabete hauetako ikerketa ez da erraza izan. Lehenbizi Asuncion klinikara deitu zuten, haurra hilda jaio zegoela baieztatzeko agiria eskatzeko. «Telefonoa hartu zigun emakumeak bakean uzteko eskatu zigun, eta ezinezkoa zela ematea». Oraindik ez dute lortu. Hilerrira ere deitu zuten, han lurperatua ote zegoen jakiteko. «Erregistro liburuetan begiratu, eta ezetz esan ziguten». Orduan hasi ziren jabetzen benetan gertatutakoaz. «Oso kolpe gogorra izan zen; batik bat, amarentzat».

Oraingoz ezer gutxi gehiago jakin dute. Dakiten beste gauza bakarra zera da: Gaztañagaren ama artatu zuen emaginak lanean jarraitzen duela eta medikua hilda dagoela. «Dena den, gure odolekoa da, eta aurkitzen jarraituko dugu». Horixe dute xede bakarra. «Askok hitz egin digute kalte-ordain posibleez, baina ez da gure lehentasuna. Hori aurrerago aztertu beharko dugu. Baina horra iritsi arte pauso asko ditugu emateko oraindik».

Anadir elkarteak emandako babesa nabarmendu du. «Oso garrantzitsua da laguntza. Izan ere, kasuak diferenteak diren arren, elkarri laguntzen diogu. Gainera, hedabideetan oihartzun handia lortu dugu, eta hori oso garrantzitsua da bai Justiziak eta bai politikariek guri gertatu zitzaiguna aintzat hartzeko, orain arte oso gutxi egin baita»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.