Sei aldiz zigortu dute Otegi

2011ko irailaren 16a
13:39
Entzun

Gaurkoarekin, auzitegiek sei aldiz jarri diote kartzela zigorra Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari.

1989. Espainiako Auzitegi Nazionalak sei urteko espetxe zigorra jarri zion Otegiri, etakidea zela 1979an bahiketa bat egin zuela egotzita. 

2004. EAEko Auzitegi Nagusiak hamabost hilabeteko kartzela jarri zion, Olaia Kastresana etakidearen hiletan "terrorismoa" goratu zuelakoan. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, absolbitu egin zuen 2007an.

2006. Urte hartako urtarrilaren Gorenak atzera bota zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren Otegiren aldeko absoluzio epai bat, eta urtebeteko kartzela jarri zion Espainiako erregea iraindu zuelakoan "torturatzaileen burua" deitzeagatik. 2011n Estrasburgoko Auzitegiak Gorenaren erabakia ezeztatu egin zuen, eta Otegiri 20.000 euroko kalteordaina emateko agindu zion, adierazpen eskubidea urratzeagatik.

2006. Apirilean Auzitegi Nazionalak hamabost hilabeteko espetxea jarri zion, 2003an Jose Miguel Beñaran Argala etakidearen omenaldian "terrorismoa" goretsi zuela egotzita.

2010. Martxoan Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxea ipini zion, Jose María Sagarduy euskal presoaren omenaldian "terrorismoa" goratu zuela iritzita. Gorenak epaiketa berriro egiteko agindu zuen, epaimahaiak aurreiritziekin jokatu zuelakoan, eta orduan absoluzioa eman zuten.

2011. Auzitegi Nazionalak hamar urteko espetxea jarri dio gaur, Bateragune auzian. Indar subiranistak batzeko ETAren aginduak betetzea leporatu dio. Beste lau lagun ere zigortu dituzte.

Beste kasu batzuk

2009. EAEko Auzitegi Nagusiak artxibatu egin zuen besteak beste Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako orduko lehendakariaren, Patxi Lopezen (PSE) eta Otegiren aurkako kasua. Ibarretxeri eta Lopezi-eta Batasuna legez kanpoko alderdiarekin elkarrizketa egin izana egotzi zieten, eta Otegiri-eta desobedentzia.

2010. Abenduan Auzitegi Nazionalak Anoetako 2004ko proposamenari buruzko epaiketan absolbitu egin zuen Otegi —Joseba Alvarez eta Joseba Permach ere bai—. Bake proposamena aurkeztu zuen Batasunak.

Hurrengo epaiketa.Herriko tabernen auziko epaiketa izango du Otegik Auzitegi Nazionalean —data jartzeke dago—, ezker abertzaleko beste hainbat kiderekin batera. ETA finantzatzea leporatzen diete, eta Otegirentzat hamabi urteko kartzela eskatzen du fiskalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.