Sei gizon atxilotu dituzte genero indarkeria egotzita

Larunbat goizaldetik igande goizaldera, bost gizon atzeman ditu Ertzaintzak Bilbon, eta beste bat Donostian

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Larunbat eta igande goizaldeen artean, bost gizon atxilo hartu zituzten ertzainek Bilbon. Bikotekide dituzten edo bikotekide izan zituzten andreei eraso egitea leporatu diete bostei ere. Goizaldez gertatu ziren eraso guztiak. Atxilotuen arteko gazteenak 18 urte ditu, eta zaharrenak, 48.

Larunbat goizaldean hasi ziren erasoak, 03:00 aldean. Ertzaintzak ez ditu auzoak eta lekuak zehaztu, baina, ordu horretan, bi gizonezko atxilotu zituzten, ia aldi berean, bikotekideei eraso egin zietelakoan. Gizonetako batek41 urte ditu, eta emazteari jotzea egotzi diote. Bikoteak ume adingabe bat du, eta erasoa haren aurrean gertatu zela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Etxean bertan atxilotu zuten gizona. Ia ordu berean atxilotu zuten 46 urteko beste gizon bat, hura ere etxean, bikotekidea jo eta begia ubeldu ziolakoan.

Handik ordu pare batera,05:20 inguruan, beste gizon bat atxilotu zuten ertzainek, Bilbon bertan. Ertzaintzak jakinarazi du ustezko erasotzailea eta haren bikotekidea bereizteko bidea egiten ari direla; gizonari leporatu diote emazteari ostikadak eta bultzakadak ematea. Andrazkoa erietxe batean artatu zutela zehaztu du Ertzaintzak. Atxilotuak 35 urte ditu.

Igande goizaldean, berriz, beste bi gizonezko atxilotu zituzten Bizkaiko hiriburuan genero indarkeria delituak leporatuta. 00:30 aldera, 41 urteko gizon bat atzeman zuten poliziek. Haien hitzetan, bikotekidea hilko zuela mehatxu egin zuen gizonak, eta eraso ere egin zion. Etxean atxilotu zuten gizonezko hori ere.

Goizalde horretan bertan, beste gizon gazte bat atxilo hartu zuten ertzainek, asteburuko bosgarrena Bilbon. Etxe batera joan ziren poliziak, salaketa jasorik; Ertzaintzak azaldu du gizon batek eraso egin ziela bikotekide ohiari eta hura laguntzen ari zen beste gizonezko bati. Atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea—18 urte ditu—.

Bilbon ez ezik, Donostian beste gizon bat atxilotu zuten ertzainek, genero indarkeriagatik hori ere. Bulebarrean, kalean beraz, gizon batek emakume bat lepotik heldu zuela, astindu egin zuela, eta bultzaka erabili zuela ikusi zuten kaleko jantzitako ertzain batzuek. Han bertan atxilotu zuten gizona; 48 urte ditu. Andrea osasun etxe batera eraman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.