Azken zazpi egunetan, sei gizon atxilotu dituzte Nafarroan eta Bizkaian, genero indarkeria leporatuta. Gainera, horietako batzuk behin baino gehiagotan atxilotu dituzte, delitu horrengatik. Lau emakumek poliziei adierazi diete ez dela lehen aldia tratu txarrak pairatu dituztena.
Urriaren 17an 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten foruzainek Ablitasen, ustez emazteari eraso egiteagatik. Telefono dei bat jaso zuten poliziek, etxebizitza batera azaltzeko eskatuz. Emakumeak hainbat kolpe bazituen ere, ez zuen salatu bikotekidea. Bi alditan atxilotu dute, emaztea jotzea leporatuta.
Iruñeko 38 urteko beste gizon bat atxilotu zuten Eguesen lehengo larunbatean, emaztearengandik urruntzeko agindua urratu zuelakoan. Egun bat lehenago, 30 urteko gazte bat atzeman zuten Faltzesen, ustez amari eraso egiteagatik. Amak berak hots egin zien foruzainei. Semeak mehatxatu, iraindu eta jo egin ziola esan zien. Gainera, tratu txarrak jasaten urteak daramatzala esan zien, eta behin baino gehiagotan atxilotu dute semea horregatik.
Urriaren 12an beste bi gizon atxilotu zituzten Nafarroan: bata, 32 urteko bat, Etxarri Aranatzen, eta, bestea, Lizarran, 40 urteko bat. Emakumeak ohartarazita, Etxarri Aranatzen atxilotutakoari labana bat eta aihotz bat atzeman zizkioten autoan.
Nafarroaz gain, Bizkaian ere izan dira atxiloketak. Bilbon 26 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekide ohia jo zuelakoan. Bikoteak hiru haur ditu, eta emakumeak biberoi bat prestatzeko eskatu zion. Gizonak ezetz, eta emakumeak etxetik alde egiteko eskatu zionean, eraso egin zion.
Sei gizon atxilotu dituzte, genero indarkeriagatik
Lau emakumek diote ez dela lehen aldia tratu txarrak jasan dituztena. Atxilotuek 25 eta 40 urte bitartean dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu