Emakumeen aurkako indarkeria

Sei gizon atxilotu dituzte Nafarroan azken egunetan, emakumeak jo dituztelakoan

Erasoak Lizarra, Caparroso, Altsasu eta Iruñean gertatu dira.

2009ko otsailaren 18a
19:31
Entzun
Sei gizon atxilotu dituzte Nafarroa Garaian azken egunetan, bikotekideak jo dituztelakoan. Horren berri eman du gaur Nafarroako Gobernuak. Lizarran gertatutako eraso batean adin gutxiko batek taberna batean hartu behar izan zuen babes, erasotzailearengandik ihesi. Gainerako erasoak Caparroson, Altsasun eta Iruñean gertatu dira.

Atzo goizaldean Altsasun bertako 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuten foruzainek, hark bere bikotekidearen etxean hura ustez jo eta gero. Ustezko biktimak lesio partea aurkeztu zuen salaketa jartzerakoan, eta lehenago ere bikotekidearen eskutik tratu txarrak jaso izana salatu zuen.

Astelehenean, foruzainek 34 urteko gizon bat atxilotu zuten Iruñeko alde zaharrean, honen bikotekideak haren aurkako salaketa jarri ondoren. Emakumak erasoa jasan zuela salatu zuen Herritarrari Arreta egiteko Bulegoan, eta honek foruzainei dei egin zien. Poliziek osasun zentro batera lagundu behar izan zuten emakumea, aurpegian zauriak zituela.

Iruñean segituz, 36 urteko gizon bat atxilotu zuten, larunbatean, emaztea jo izanaz akusatuta. Atxilotuak tratu txarrengatik aurrekariak ditu 2007tik.

Larunbatean ere, Lizarrako udaltzainek 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, honek bere bikotekidea jo zuelakoan. Foruzainek egin zuten gero polizia txostena, eta horren arabera, egun argiz gertatu zen erasoa, herriko alde zaharrean. Emakumezkoa bere bikotekide ohiarengandik ihes egin nahian ikusi zuten, kolpeak jasotzen zituen bitartean. Biktimak ihes egitea lortu, eta inguruko taberna batean hartu zuen babes geroago. Han bere lagun batek lan egiten du, eta honen laguntzaz udaltzainei deitu zien. Hauek ustezko erasotzailea topatu, eta atxilotu egin zuten.

Ostiralean, Altsasuko udaltzainek 35 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, honen bikotekide ohiak tratu txar fisiko eta psikologikoak salatu ondoren. Itxura batean, salatzailearen etxean gertatu ziren tratu txarrak, eztabaida baten harira.

Egun berean, Caparroson, 52 urteko gizon bat atxilo hartu zuten, bere bikotekideak Tafallako polizia etxean haren kontrako salaketa jarri ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.