Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jakinarazi duenez, sei dira Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente izateko hautagaiak. Juan Luis Ibarrak erretiroa hartu zuen joan den ekainaren 21ean, eta, behin-behinean, Garbiñe Biurrun ari da hura ordezkatzen. Biurrun bera da posturako hautagaietako bat, eta beste bostak Maria Mercedes Guerrero, Edorta Josu Etxarandio, Antonio Garcia, Ignacio Subijana eta Luis Angel Garrido dira.
Ibarra ordezkatzeko prozedura atzeratu egin zen alarma egoerak eragindako geldialdiarengatik, eta horrek ekarri zuen epe administratiboak bertan behera geratzea. Hautagaiek curriculumak aurkeztu beharko dituzte. Gainera, proiektu bat osatu beharko dute, eta hori Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aurrean defendatu beharko dute. Erakunde horrek izango du azken hitza,.
Hautagaiei dagokienez, EAEko Auzitegi Nagusiko presidentetza behin-behinean hartu aurretik, azkeneko 11 urteotan auzitegi bereko gizarte arloko presidentea izan da Biurrun. Guerrero Arabako Probintzia Auzitegiko presidentea da; Etxarandio magistratua da Nafarroako Probintzia Auzitegian; Garcia epailea da EAEko Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor arloko aretoan; Subijana presidentea da Gipuzkoako Probintzia Auzitegian; eta Garrido EAEko administrazioarekiko auzien aretoko presidentea da.