Sei hilera mugatu dute ebakuntzen itxaron-zerrenda

Espainia eta autonomia erkidegoak, ados; mugak aldaka, belaun, katarata eta bihotzeko operazioei eragingo die

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek hala adostuta, hainbat ebakuntzaren zain dauden eriek, behin diagnosia ezagututa, gehienez ere sei hilabete eginen dituzte itxaron-zerrendetan. Oraingoz, aldaka, belaun, katarata eta bihotzeko operazioei ezarri diete epe muga hori, Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Osakidetzako eta Osasunbideko erabiltzaileei eraginen die, beraz, neurri honek.

Erabakia atzo adostu zuten Palman (Balear Uharteak, Herrialde Katalanak) egindako bileran. Ebakuntzaren zain dagoen eriak gehienez 180 egun eginen ditu itxaron-zerrendan, beti ere heriotza arriskurik edo ezintasun larririk eduki ezean. Trinidad Jimenez Espainiako Osasun ministroak adierazi du «erien eskubide bat sendotu» dela neurri honekin. Era berean, jakinarazi du etorkizun hurbilean ebakuntza mota gehiagotara zabalduko dela itxaron-zerrenda mugatuen sistema.

Irizpide hau erkidego guztietan ezartzearen garrantzia nabarmendu du Jimenezek, «osasun sistema nazionalaren batasunaren kalitatea hobetuko baitu». Itxaron-zerrenda mugatuen bidez, atzeratzeak koordinatuta murriztuko direla azpimarratu du Espainiako Osasun ministroak, eta epeak bermatuta dituzten zerbitzuak, berriz, gero eta gehiago izanen direla.

Neurri horretaz gain, atzoko bileran Sexu eta Ugalketarako Osasun Estrategia onartu zuten Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek, «sexu eta ugalketa eskubideak bermatzeko» helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.