Espainiako Poliziak sei lagun atxilotu ditu Andoainen (Gipuzkoa), ustez herriko prostituzio etxe batean hainbat emakume sexualki esplotatzeagatik. Poliziaren EAEko ordezkaritzatik jakinarazi dute prostituzioan aritzera behartzen zituztela, kontraturik eta asegururik gabe.
Lokal horretan lan egindako hainbat emakumeren testigantzak jaso ondoren hasi zuen ikerketa Poliziak. Emakume horien arabera, prostituzio etxeko emakume gehienak etorkinak ziren eta batzuk legez kanpo ari ziren lanean. Horiek, gainera, lokaleko buruei diru kopuru jakin bat ordaindu behar zieten, eta gehienez hiru astez lan egin ondoren, beste lokal batzuetara joatera derrigortzen zituzten.
Poliziak ikerketaren ondoren frogatu zuen hamar emakume aritzen zirela lokalean lanean, horietako lau legez kanpo. Prostituzio etxeko burua atxilotu dute, baita ustez harekin elkarlanean aritu diren beste bost lagun ere.
Tolosako epaitegiak hartu du auzia.