Espainiako Barne Ministerioak zehaztu duenez, polizia operazioa Paris hego-mendebaldean (Blois herrian), Limoges hegoaldean (Brive-la-Gallarden) eta Montepellierren egin dute Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak elkarlanean. Sei dira atxilotuak, eta haien etxeak miatzen ari dira. Hala ere, atxilotuak gehiago ere izan litezkeela esan dute polizia iturriek.
Parisen bikote bat atxilotu dute. Limogesen ere bi pertsona atxilotu dituzte, eta azken biak Montpellierren. ETAren hornikuntzarekin lotu dituzte sei atxilotuak, eta Elosa taldea osatzen zutela diote polizia iturriek, etakideei sasian izateko behar duten laguntza emanez.
Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diezek esan duenez, «ETAren logistika taldea desegin» dute, zuloen kudeaketa, autoena eta dokumentazio faltsuena eramaten zuten hiru taldetan banatutako sarea osatzen baitzuten. Andoni Goikoetxea eta Raul Aduna Valinas zuloen kudeaketaz arduratzen ziren, Diez Fernandezen arabera; Ekhine Eizagirre eta Kepa Arkauz dokumentuak faltsutzeko ardura zuten, eta Igor Uriarte eta Julen Mendizabalek autoak lapurtzen zituzten. Barne ministroak nabarmendu du ikerketak 2011ko urrian hasi zituztela Izaskun Lesaka atxilotu zutenean.
«Zelula klandestinoetako kide aktiboak»
2011ko urriaren 20an ETAk armak utzi zituenetik 43 dira ETAko kide direlakoan atxilotutakoak. Frantziako Barne Ministerioak ohar baten bidez atxiloketak baieztatu ditu, eta gaineratu du «zelula klandestinoetako kide aktiboak» direla eta horietako bost pertsona gehien bilatuen zerrendan zeudela. «Espainiako Euskal Herriarekin lotuta eboluzio positiboak izan diren arren, gure lurralde nazionala oraindik erakundearen egitura klandestinoetarako atzeragoardia logistiko eta militarraren oinarri da», esan du oharrean.
Manuel Valls Barne ministroa pozik agertu da atxiloketekin, eta Frantzia eta Espainiaren arteko harreman onak nabarmendu ditu. «Kolaborazio hori ETA desegiten den arte gure lurraldean jarduera klandestino eta legez kanpokoak mantentzen diren bitartean izango dugu», esan du.