Sei lagun atxilotu eta hainbat zauritu ditu Ertzaintzak Gasteizen

Elkarretaratzea egin dute gaur, 18:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan, eta bihar eguerdian unibertsitateko ikastegitik manifestazioa egingo dute.

Buruan zauritu duten gazte bat. HARA BA! @HARA_BA
Hodei Iruretagoiena
2014ko martxoaren 19a
08:20
Entzun

Ikasle presoak klasera lelopean, elkarretaratzea egin dute Gasteizko campusean, haien ikasteko eskubidearen alde. Unai Velilla lekukoak BERRIAri kontatu dionez, mural bat margotzen hasi dira ondoren campuseko ikastegian. Horretan ari zirela, unibertsitateko segurtasun zaindariak etorri dira. "Segidan, ikastegitik ateratzen ari zen ikasle baten gainera joan dira kaleko jantzitako bi polizia, hura atxilotzera". Ikaslea babesteko, lurrean eseri dira gainontzekoak, eta Ertzaintzaren furgoneta bat eta zazpi auto etorri dira handik gutxira.

“Denen aurka hasi dira gogor, oilartuta zeuden: bati izugarrizko kolpea eman diote borrarekin, eta burua ireki diote. Sakelakoak ere kendu dizkigute. Jendeari iseka aritu dira", kontatu du Velillak, eta salatu du neskei irain sexistak ere egin dizkietela ertzainek. Beste bost lagun atxilotu dituzte une horretan, eta zaurituta eraman dute haietako bat: "Harrapatzen zutenaren bila joan dira".

Lakuako ertzain etxean dituzte orain atxilotu guztiak, eta bihar pasatuko dira epailearen aurretik. Hori dela-eta, Gasteizko epaitegietara joateko deia egin dute atxilotuen lagunek, goizeko 8:00etan, Haraba!-k jakinarazi duenez.

Zergatik atxilotu dituzten galdetu diete ikasleek, eta, lekukoaren esanetan, hala erantzun diete ertzainek: "Zuek jakingo duzue". Hori, eta desordena publikoa ere aipatu diete.

EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak azalpenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta Ertzaintzaren eta EAJren jarrera kritikatu du: "Ertzaintzaren jokaera hau EAJren ordezkarien mezu bortitzaren isla eta ondorio da. Batzuek hitzez kriminalizatzen dute presoekiko elkartasuna, eta besteak, ordea, ekintzara pasatu dira".

Albistea Hara Ba! campuseko proiektu komunikatiboak eman du Twitter bidez, bilkura hasi den unetik:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.