Sei orduko lanuztea egiten ari dira Osasunbideko langileak gaur, 12:00etatik 18:00etara. ELA eta LAB sindikatuek antolatu dute protesta; uste dute Nafarroako Gobernua pixkanaka urratsak egiten ari dela osasun zerbitzu publikoa pribatizatzeko. Murrizketen aurka ere protesta egiten ari dira.
Zabalagoa izan behar zuen gaurko deialdiak. Mediku eta erizainen sindikatuak ere protesta egitekoak ziren. Baina gobernuarekin negoziatzeko tratua egin zuten, eta lanuzterako deialdia bertan behera utzi zuten.
Batasun sindikala, gaur-gaurkoz, zail ikusten dute ELAk eta LABek Osasunbidean. Mediku eta erizainek "beren kontuak" beren aldetik negoziatu nahiko dituztela uste dute. Bihar da biltzekoa mahai sektoriala. Bilerak emaitza handirik ez duela emango uste dute bi sindikatu horiek.
Gogorarazi dute mediku eta erizain sindikatuek ordezkaritzaren %40 dutela mahai sektorialean, eta ELAk eta LABek %37. Mediku eta erizainek beren kasa negoziatzeak langileen ordezkaritzaren zati handiena negoziaziotik kanpo uzten duela oroitarazi dute.
Elkarretaratzea eta manifestazioa
Horregatik, beren kasa protestari eustea erabaki zuten ELAk eta LABek. 12:00etan elkarretaratzea egin dute, eta 13:00etan manifestazioa abiatu da. Dozenaka lagun batu dira protestan.
Ohartarazi dute 2012an mila lanpostu galdu direla Osasunbidean. 2013 hasieran, gainera, jangela zerbitzua kanpoko enpresa bati emango dio Osasunbideak, eta horrela beste 200 bat langile kalean geldituko direla esan dute.