Elurtea errepidean

"Sei orduz egon nintzen geldituta, berririk gabe"

Etzegaraten, 1.400 lagun inguruk orduak egin zituzten mugitu ezinik. Gipuzkoako Aldundiak oharra kaleratu du, baina ez du aipatu larunbatean gertatutakoa.

Auto bat errepide bazterrean, Belaten, Nafarroan. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
2018ko urtarrilaren 8a
18:54
Entzun

Larunbata Errege Eguna izanik, jende asko irten zen errepidera; senide eta lagunen etxera bazkaltzera batzuk, eta oporretatik etxerako bidea abiatzeko asmoz besteak. Ordea, horietariko asko ezustean errepidean harrapatuta geratu ziren, asko eta asko Etzegarate inguruan. Horietako bat izan zen Mario Zapata: "Sei orduz egon nintzen geldituta;  17:45etik gauerdira. Sei ordu luze horietan inork ez zigun ezeren berririk eman, ez Foru Poliziak, ez Ertzaintzak, eta ezta 112ak ere".

Informaziorik gabe, eta errepideak elurrak hartuta, Altsasurako bidea hartu zuten askok. Ordea, Zapataren iritziz nabarmena izan zen "koordinaziorik eta estrategiarik eza", euren norabidean ez bezala, Beasain-Altsasurako norabidea libre zegoelako eta, hala ere, hantxe zebiltzalako elurra kentzeko makinak lanean.

Altsasura heldu zirenek herritarren laguntza izan zuten. Herriko zenbait areto prestatu zituzten jendeak bertan lo egin zezan, eta baita saltokietatik fardelak eta beharrezko hainbat gai lortu ere. "1.400 pertsona inguru geunden han, eta herriko jendea goizaldeko laurak aldera arte aritu zen elurretan harraptutako ibilgailuak ateratzen", dio sare sozialetan beste batek.

Euskalmet agentziak berak zuzendu egin zuen larunbat arratsalderako zuen iragarpena, eta elur maila 700 metrotik 200era jaitsi zuen. Elurrak laster zuritu zituen bazterrak, eta baita argindar mozketak eragin ere hainbat tokitan: besteak beste, Ordizian (Gipuzkoa) eta Betelun (Nafarroa).

Gertatutakoa ikusita, Espainiako Kongresuan azalpenak eskatu beharra dagoela iritzi dio Aitor Esteban jeltzaleak, batez ere autobideen kasuan, eta "harrigarritzat" jo du aurreko kasuetatik "ezer ikasi ez" izana. Ordea, kazetarien galderen erantzun gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak —EAJren gidaritzapean— ohar bat kaleratu zuen igandean, eta adierazi zuen "lan handia" izan zela larunbatean lehen mailako errepide sarean, biana atzo goizerako zabalik eta garbi zegoela.

UPNren kritikak

Nafarroan ere arazo ugari eragin zituen larunbatean elurrak, eta UPNk argudiotzat hartu du hori lauko gonbernuaren aurka egiteko. Alderdi horren iritziz, "aurreikuspen okerrekin" jokatu izanaren ondorio izan da gertatutakoa. Maria Solana bozeramaileak, ordea, ukatu egin du halakorik, eta "neurri guztiak" hartu zirela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.