Operazioan, hiru emakume hegoamerikar erreskatatu dituzte. Sarearekin zuten zorra ordaindu arte prostituitzera behartu dituzte, eta jasotzen zuten diru sarrera osorik kentzen zieten esplotatzaileek. Kasu batzuetan, 6.000 euro inguruko kopurua ordaindu behar zuten. Horrez gain, 55 euro ordaindu behar zuten eguneko, bizitzeko toki baten eta argiaren truke. Hamabi ordura arteko jardunaldietara behartzen zituzten, eta are gehiago luza zitezkeen bezeroren batek hala eskatuz gero.
Poliziak azaldu duenez, gaizkileek Hego Amerikako emakumeei egiten zieten iruzur. Bereziki, Venezuela, Paraguai eta Dominikar Errepublikan bilatzen zituzten biktimak. Haiengana iristeko, bitartekariak erabiltzen zituzten, eta egoera ekonomiko eta familiar zailetan ziren emakumeengana jotzen zuten.
Prostituziorako bi lokal itxi ditu Poliziak. Bata, Trapagaranen; bestea, Barcena de Ciceron (Kantabria, Espainia).
Poliziak jakinarazi du operazioak irekita jarraitzen duela, dagoeneko lokaletan ez dauden baina biktima izan diren emakumeen bila ari delako.