Gipuzkoako Auzitegiak sei urteko espetxe zigorra jarri dio Gipuzkoako herri batean alabari sexu abusu jarraituak egiten zizkion 40 urteko gizonezko bati . Hasieran, hamar urteko kartzela zigorra eskatzen zuten fiskaltzak eta alabaren amak egindako akusazio partikularrak, baina, azkenean, erasotzailearekin adostuta, sei urteko espetxe zigorra jarri diote. Egindakoa onartu izana eta minaren erreparazioa jarri dituzte aringarri gisa, eta biktimari 3.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkio erasotzaileak.
Adingabearen gaineko guraso agintea ere kendu diote erasotzaileari, eta ezingo da zazpi urtez hurbildu alaba izandakoarengana. 2015 eta 2017 artean egin zizkion sexu erasoak gizonezkoak adopziozko alabari, neskak 10 eta 11 urte artean zeuzkala, elkarrekin bizi ziren etxean. Ama kanpoan zela baliatzen zuen alabari sexu ukituak egiteko, eta jo ere egin izan zuen.