Esloveniako neska gazte bat Donostian bortxatu egin zuela aitortu du gizonezko batek gaur auzi saioan, eta bere aurkako sei urteko kartzela zigor eskaera onartu egin du. Hasiera batean Gipuzkoako Auzitegiko Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hamabi urteko espetxea eskatu zuten, hamabi mila euroko kalte-ordaina ere bai, baina goizeko auzi saioan kartzela eskaera erdira jaitsi dute, eta akusatuak ontzat jo du.
Bortxatzaileak adierazi du damutu egin zaiola erasoa egin izana, neskari ahoz eta idatziz barkamena eskatu dio -biktima ez da saioan izan-, eta kalte-ordainaren zati bat eman du.
2007ko urriaren 27ko goizeko bostak aldera izan zen bortxaketa. Auzitegiko iturrien arabera, gizonezkoak neska Bizkaia Paseoan ikusi eta atzetik jarraitu zion, etxeraino. Atzetik egin zion eraso, ahoa tapatu zion, eta bortxatu egin zuen.
Ekuadorkoa da jatorriz erasotzailea. Antzeko beste lau kasu dauzka, eta bihar beste epaiketa bat izango du Gipuzkoako Auzitegian, 2008an neska bat bortxatu zuela egotzita. Hamabi urteko kartzela zigor eskaera egin dute haren aurka horregatik.
Sexu erasoak egin izana leporatuta bi zigor jasota dago gizona: bi urteko kartzela eta hiru urtekoa. Eraso denak Donostian egindakoak dira, 2007an eta 2008an.
emakumeen aurkako indarkeria
Sei urteko kartzela bortxaketagatik
Erasotzaileak onartu egin du 2007an neska gazte bat bortxatu egin zuela. Fiskalak eta akusazio partikularrak erdira jaitsi dute zigor eskaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu