Gipuzkoako errauste plantak

Seietan abiatuko da Donostiako Bulebarretik errauste planten kontrako manifestazioa

Gipuzkoako errauste planten kontrako plataformek antolatuta, zaborren tratamendurako azpiegitura horien kontrako manifestazioa egingo da gaur Donostian. Zehazki, arratsaldeko seietan abiatuko da Bulebarretik eta Foru Aldundiaren atarian amaituko da. Alderdi politiko, sindikatu eta gizarte-talde askok egin dute bat ekimenarekin, besteak beste, Eguzkik, Ekologistak Martxan taldeak, Iparraldeko ekologistek, AHT Gelditu! Elkarlanak, Batasunak, Aralarrek, Zutikek, IU-EBk, ELAk, CCOOk, LABek, ESK-k, EILAS eketa Telefonicako Enpresa Komiteak.

2004ko ekainaren 19a
12:46
Entzun
Urnietako Arnasa, Txingudi Bizirik, Lasarte-Oria Bizirik eta Zubieta, Usurbil, Hernani, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Arroako errauste planten aurkako plataformek manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean Donostian. Taldeokin batera, EHNE eta Hendaiako NIDBT sindikatuek ere egin dute deialdia. Manifestazioa 18:00etan hasiko da Bulebarrean, eta Hernani, Urbieta, Prim eta Okendo kaleak igaro ostean, Gipuzkoako Foru Aldundi aurrean amaituko da. Plataformen bozeramaile Peio Lozanok egunotan azaldu duenez, «errausketa sistemaren alde buru-belarri dabil Diputazioa; eta ados ez gaudela adierazteko, bertan amaituko dugu».

Talde politiko, sindikatu eta gizarte-talde ugarik egin du bat manifestazioarekin. Besteak beste, honako hauek dira atxikimendua eman dutenak: Eguzki, Ekologistak Martxan, Iparraldeko ekologistak, AHT Gelditu! Elkarlana, Batasuna, Aralar, Zutik, IU-EB, ELA, CCOO, LAB, ESK, EILAS eta Telefonicako Enpresa Komitea.

Gipuzkoa osoko herritarrei parte hartzeko eskatu die Peio Lozanok. Bere esanetan, errauste plantaren arazoa ez baitagokie soilik Bidasoaldeako eta Donostialdeako bizilagunei. Lehengo astean errauste planten aurkako koordinadorak iragarri zuen Diputazioak, jada, bigarren errauste planta non jarri (bestea Txingudin eraikiko dute) erabakita duela. Hiru aukera plazaratu zituzten orduan: Arroa (Zestoa), Zubieta eta Errenteria. «Diputazioan oso filtrazio fidagarriak ditugu eta horien arabera, Arroako aukera gero eta pisu handiagoa hartzen ari da», esan zuen. Hala ere, teknikariek euren artean gero eta «desadostasun» gehiago dutela azpimarratu zuen: «Teknikari batzuk errausketa sistema zalantzan jartzen ari dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.