Bilboko Otxarkoaga auzoan adineko bikote bat hiltzea egotzita, 14 urteko bi gazte zigortu dituzte seina urteko itxialdira. Zumarragako adingabeentzako zentroan bete beharko dute zigorra biek. Epaileak frogatutzat jo du, joan den urtarrilaren 18an, etxebizitza batera lapurtzera sartu eta 87 urteko senar-emazte bikote bat kolpez eta labankadaz hil zutela. Homizidioa egotzi diete biei. Beraz, epaileak ez du uste hilketa aldez aurretik erabaki zutenik.
Auzian 16 urteko hirugarren adingabe bat ere akusatuta zegoen. Azken hori aske utzi dute. Epaiak dio ez dagoela nahikoa froga hilketan parte hartu zuela ziurtatzeko.
Hiru gazteak Zumarragako adingabeentzako zentroan zeuden behin-behinean. Epaiaren ondoren, zentroan jarraituko dute zigortutako biek, eta aske geldituko da 16 urteko gaztea.
Epaia ez da irmoa eta aldeek helegitea aurkezteko aukera izango dute Bizkaiko Auzitegiaren aurrean.