ASKAPENA

Seina urteko zigorra eskatu du fiskalak Askapenako bost auzipetuentzat

Gabi Basañez, Unai Vazquez, Walter Wendelin, Dabid Soto eta Aritz Ganboa auzipetuentzat 7.200 euroko isuna eta hamalau urteko inhabilitazioa ere eskatu du.

Askapenako auzipetuak, epaiketaren lehen egunean, epaitegi atarian. J. DANAE / ARGAZKI PRESS
2015eko urriaren 29a
12:08
Entzun

Urriaren 19an ekin zioten epaiketari, eta datorren astelehenean amaitzea espero da, defentsako abokatuen ondorioekin eta auzipetuen azken hitzarekin. Fiskalaren ustez, Askapena ETAren eta Batasunaren zuzendaritzapean dagoen egitura bat da, Euskal Herriko askapen mugimenduari "nazioarteko proiekzioa" emateko.

Instrukzio epailearen tesiak ia hitzez hitz errepikatu ditu fiskalak ondorioetan. Pablo Ruz epaileak agindu zuen 2010eko irailaren 28ko operazioa. Bi urtera ateratako autoan, Askapena "ETAren agindupeko egitura" zela esan zuen epaileak, eta harentzat "kanpoko babesak" lortzea, "elkartasun batzordeak" sortzea, Europako eta munduko gizarte foroetan aritzea eta brigadak antolatzea leporatu zien bost auzipetuei.

Seina urteko espetxe zigorraz gain, fiskalak 7.200 euroko isuna eta hamalau urteko inhabilitazioa eskatu du auzipetu bakoitzarentzat. Epaiketaren lehen egunean, akusatuek ukatu egin zuten ETAren aginduetara jardun zutela.

Madrilgo Librek eta Euskal Herriaren Lagunek antolatuta, manifestazioa egingo dute Espainiako hiriburuan larunbatean, Euskal Herriaren aurka epaiketa politiko gehiagorik ez lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.