Nafarroan TDT bidez ETB ikusi ahal izateko erdibideko neurri gisa proposatu dute seinalea digitalizatzea; UPNk eta PPNk abstentziora jo dute. Horrez gain, parlamentuak Nafarroako Gobernuari galegin dio aintzat har dezala zentzu horretan parlamentuak hainbat aldiz eginiko eskaera eta "ETB TDT bidez ikusteko aukera berriak eman ditzala". PPNk emendakin horren kontra bozkatu du.
Manu Aierdi Geroa Baiko parlamentariak defendatu du "denbora luzez" ari direla auzi "tamalgarri" horri irtenbidea bilatzen, eta mozioak aurrera egitea "aurrerapauso bat" dela gaineratu du. UPNko parlamentari Ramon Casadok, ordea, uste du proposatutakoa "legez kanpokoa" dela.
ETB Nafarroan ikus dadin "ageriko borondate politiko falta" antzeman du Aralar-NaBaiko parlamentari Nekane Perezek, eta uste du ezin zaiola kate publikoari eskatu "arazo politiko bat" konpontzeko. Antzerako iritzia azaldu du Ezkerrako Jose Miguel Nuinek ere. Mozioa "egokia" dela azaldu du, berriz, Juan Jose Lizarbe PSNko parlamentariak, "irtenbide tekniko bat" delako: "Ez du beste espazio digital batzuk okupatzea eragiten".
Bilduko Maiorga Ramirezek defendatu du "norberak ikus dezala nahi duena", eta UPNri egotzi dio euskaraz telebista ikusteari oztopoak jarri izana. PPNko Amaia Zarranzen esanetan, bere alderdiak "errespetatu" egiten du herritarrek "nahi dutena" ikusi ahal izatea, baina nafarrek "edozein gastu extra" ordaintzearen kontra agertu da.