«Euskal jendartearen ezkerreko esparru eta sentsibilitateak ordezkatzen ditugu. Adin guztietako eta hainbat jatorritako lagunez osaturiko zerrenda plurala aurkezten dugu». Horrela aurkeztu zuten Amaiurren hautagai taldea Maite Aristegik eta Iñaki Antiguedadek, igandean. Koalizioak Espainiako Kongresurako Gipuzkoatik aurkeztu duen zerrendaburua da Aristegi, eta Bizkaikoa Antiguedad.
Egunkari honek igandeko alean kaleratu bezala, Iker Urbina eta Sabino Cuadra abokatuak dira Kongresurako Arabatik eta Nafarroatik aurkeztutako zerrendaburuak, hurrenez hurren.
Kongresurako Gipuzkoako hautagaien zerrendan, Rafa Larreina EAko buruzagiak betetzen du bigarren tokia, eta, Xabier Mikel Errekondok, Julen Goikoetxeak eta Joseba Ugaldek hurrengoak. Iñigo Iruin abokatu ezagunak betetzen du seigarren postua, eta, ordezkoetan lehenengoa, Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu ohiak.
Senaturako, Amalur Mendizabal, Alberto Unamunzaga eta Urko Aiartza daude lehen, bigarren eta hirugarren, Gipuzkoan.
Bizkaitik, Jon Iñarritu Aralarrekoa da, Antiguedaden ondoren, Kongresurako bigarren hautagaia. Edurne Gumuzio, Juan Hernandez, Ane Muguruza, Jon Argintxona, Arri Zulaika eta Onintza Enbeita dira hurrengoak. Bosgarren lekua betetzen duen Ane Muguruza Josu Muguruzaren alaba da. 1989an HBren diputatu kreditazioa jasotzera joan zenean Madrilen tiroz hil eta gutxira jaiotako alaba.
Senaturako zerrendaburu Jonathan Martinez Alternatibako kidea da. Laura Mintegi bigarren, eta Abel Muniategi hirugarren.
Araban, Urbinaren taldea Maritxu Goikoetxeak eta Igor Navarrok bete dute. Senaturako, Pedro Mari Olaeta, Bea Ugarte eta Joseba Mikel Agirre aurkeztu dira.
Nafarroan, Cuadraren atzetik, Aritz Romeo, Miren Aranoa, Saioa Jaime eta Marian Gorraizek osatzen dute Kongresurako zerrenda. Senaturako hautagaiak, Maite Iturre, Joseba Compains eta Arturo Goldarazena dira. Karlos Garaikoetxea lehendakari ohiak ordezko postua du.
Sektore anitzetako hautagaiak bildu ditu Amaiurrek zerrendetan
Ezker abertzaleko, Alternatibako, Aralarreko eta EAko jende ezagun ugarirekin osatu dituzte zerrendak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu