Euskal Herriko politikari izandakoen artean denetarik dagoen arren, enpresa pribatura salto egin duten askok bere garaian hazkundean zeuden sektore estrategikoak aukeratu dituzte beren karrerarekin jarraitzeko. Horietako gehienak Eusko Jaurlaritzako edo Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun edo Herri Lan sailburuak ziren. Era berean, alderdi politikoetako idazkari nagusi edo presidente ohiek ere egin dute beren bidea.
1. Telekomunikazioak
Jose Antonio Ardanza da alor honetan diharduen politikari ohi ezagunena. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zen hamalau urtez, 1999ko urtarrilaren 2ra arte, eta Euskalteleko presidente izendatu zuten urte berean, azaroan. Orduz geroztik da telefono konpainiako burua.
Jose Luis Larrea Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua izandakoak ere betekizun garrantzitsua izan zuen telekomunikazio enpresa horretan. 1995ean utzi zuen kargu publikoa, eta 1998ra arte Ibermaticako ordezko kontseilaria eta presidentea izan zen. 1996an Euskalteleko zuzendari izendatu zuten, 2000. urteraarte.
2. Energia berriztagarriak
Josu Jon Imaz. EAJko EBBko presidente ohia da alor honetako aurpegi ezagunena. 2007ko irailaren 12an utzi zuen EAJko EBBko lehendakaritza, eta 2008ko uztailaren 4an aukeratu zuten Petronorreko presidente. 2009an Repsol-YPF enpresako Energia Berriztagarrien Saileko zuzendari izendatu zuten eta, urte berean,Energia Berriztagarrien Espainiako Klusterreko presidente kargurako hautatu zuten.
Alfonso Basagoiti Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua izan zen 1987-1991ko legealdian. Ondoren, Gamesako presidente izan zen 2001etik 2006ra, eta IBVko presidentea da gaur egun.
Luis Atienza, berriz, Ekonomia sailburua izan zen 1989-1993ko legealdian, eta Espainiako Gobernuko Nekazaritza ministro kargua izan zuen 1994tik 1996ra. 2004az geroztik, berriz, Red Electrica de Españako zuzendaria da.
Energia berriztagarrien alorrean, Nafarroako kontseilari izandakoek betekizun garrantzitsua izan dute. Francisco Iribarren Nafarroako Gobernuko presidenteordea eta Ekonomia eta Ogasun kontseilari ohia energia eolikoa ekoizten duen enpresa garrantzitsu baten jabea da, eta hainbat proiektu ditu nazioartean, Hego Amerikan bereziki.
Nuria Iturriagagoitia Industria kontseilari ohiak Acciona taldearentzat lan egiten du, energia berriztagarrien alorrean bereziki. Era berean, NH hoteletako kontseilaria da.
Carlos Perez Nievas Hezkuntza kontseilaria izan zen 2009ko irailera arte, UPNk CDNrekin zuen gobernu ituna hautsi zuen arte. Aurtengo abendutik Visiona BD enpresako sail juridikoa zuzentzen du.
Fernando Puras, Nafarroako Gobernuko Osasun sailburu ohia eta 2007an Nafarroako Gobernurako PSNren hautagai izandakoa, herri lanetan eta energia berriztagarrien alorrean lan egiten duen Acciona enpresako aholkulari juridikoa da, eta enpresa horrek dituen sozietate batzuetako aholkularia ere bada.
3. Herri lanak
Redondo Terreros PSEko idazkari nagusi ohia da aurpegi ezagunena sektore honetan. FCCko kontseilari independentea da 2008ko ekainaz geroztik. Marcelino Oreja da enpresa horretako presidentea. EAEko PPko buruzagi ohi eta PPko europarlamentari Jaime Mayor Orejaren osaba da Marcelino Oreja.
Joseba Azkarragak, Juan Jose Ibarretxeren azken bi legealdietan Justizia eta Lan sailburu izandakoak, Euskadiko Kutxan zuen zuzendaritza kargura ez itzultzea erabaki zuen iaz. Galdiano eraikuntza enpresako zuzendaritzan kontseilari izateko eskaintza onartu zuen.
Sektore horrek azken urteetan izan duen krisiak hartu du politikariren bat edo beste. Jose Antonio Maturana Ardanzaren agintaldian Jaurlaritzako Industria eta Herri Lan sailburu izandakoa Bruesako Administrazio Kontseiluko kidea izan da azken urteetan. Bruesa disoluzio egoeran dago egun. Enpresa horretako zuzendaritzako kide edo aholkulari izan dira, halaber, Juan Jose Zubimendi Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu ohia, Angel Larrañaga Carlos Garaikoetxearen agintaldian Osasun sailburu izandakoa eta Joseba Arregi Kultura sailburu ohia ere bai.
4. Banketxeak
1987. urtean utzi zuen politika Mario Fernandezek. Lan sailburua eta lehendakariordea izan zen Carlos Garaikoetxearen agintaldietan. Eusko Legebiltzarra utzi eta gero enpresa pribatuan hasi zen. BBVAren lege aholkularitzan eta Zuzendaritza Biltzarrean egon zen. 2009an BBK-ko presidente hautatu zuten, Xabier Iralak dimisioa eman ondoren.
5. Hezkuntza
Javier Retegi Jaurlaritzako Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburua izan zen 1995etik 1998ra. Mondragon Unibertsitateko errektore kargua izan zuen 1998tik 2001era. Urte horretan ordezkatu zuen Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburu izandakoak. Oliverik Mondragon Unibertsitateko errektore kargua utzi zuen 2007an.
Politika eta enpresa. Politikari izandakoak enpresa pribatuetan
Sektore estrategikoetan
Ardura politikoak zituzten garaian hazkundean zeuden sektoreak lagundu zituzten hainbat agintarik. Politika utzi eta bertan lan egiten dute gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu