Hezkuntza

Selektibitatea egiten ari dira 8.464 lagun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Goizean goiz hasi dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 8.464 ikasle unibertsitatean sartu ahal izateko hautaprobak egiten. Nafarroan, berriz, hilaren 14an hasiko dira. Hiru egunetan egingo dituzte probak.

2004ko ekainaren 9a
11:17
Entzun
Lehen egunean gaztelania, literatura eta historiari buruzko azterketak egingo dituzte. Bigarrenean, aukeratu duten batxilergoari dagozkion derrigorrezko eta hautazko ikasgaienak. Etzi, berriz, euskararen azterketa; baita ingeles, frantses edo aleman probak ere, bakoitzak aukeratu duenaren arabera.Araban 1.113 ikaslek egingo dute selektibitatea, Bizkaian 4.302k eta Gipuzkoan 3.049k. Guztira 8.464 izango dira datozen egunetan proba egingo dutenak. Nafarroan, ordea, hilaren 14an ekingo diote selektibitatea egiteari.

Bestalde, hautaproba gainditzen ez duenak edo nota igo nahi dutenek uztailaren 7, 8 eta 9an izango dute bigarren aukera. Nafarroan, aldiz, irailean egin beharko dute.

Azterketak amaitu eta hamar-hamabost egun igarotzen direnean jakin ahal izango dute ikasleek proba gainditu duten ala ez.

EAEko 8.464 ikasleek 47 epaimahaitan egingo dituzte azterketak. Horietatik zortzi Araban egongo dira, 15 Gipuzkoan eta 24 Bizkaian. Arabako bost epaimahai EHUko Gasteizko campuseko fakultateetan egongo dira, beste bi Elurretako Ikasgeletan, eta zortzigarrena, Laudioko Canciller Ayala Bigarren Hezkuntzako Institutuan. Gipuzkoakoak, berriz, Donostiako hainbat ikastetxetan egongo dira: bost Ignacio Maria Barriola Ikasgelategian eta hiru Eibarko Ingenieritza Teknikorako Unibertsitate Eskolan. Bizkaiako 24 epamahaiak horrela banatuko dira: Leioako campuseko lau ikastegitan hamaika epaimahai, EHUko Bilboko fakultate eta eskoletan hamar, Portugaleteko Nautika Eskolan bi eta bakarra Barakaldoko Meatze Ingeniaritza Teknikorako Unibertsitate Eskolan.

Ikasle Abertzaleak selektibitatearen aurka

Ikasle Abertzaleak taldeak ezetz esan dio selektibitateari, eta unibertsitatean ikasi ahal izateko probaren aurkako hainbat arrazoi plazaratu ditu prentsa ohar baten bidez: «Ezetz esaten diogu selektibitateari. Izan ere, espainiar edukia barneratzeko metodo bat da. Gainera, azterketa sistemaren adierazpide gorenetako bat da. Horretaz gain, ikasleen sailkapen bidegabea egiten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.