Euskal Herritik urrunduta preso edukitzea "zigor gehigarria" izan da Altasuko Gurasoak elkartean iritzian, eta nabarmendu dute Altsasuko Auziko presoak ekarri dituzten bezala, gainerako euskal preso guztiak ere ekarri egin beharko lituzketela. Orain artean familiek "egora mingarri, arriskutsu eta izugarria" bizi izan dutela salatu dute, eta horregaitik, pozik daude "zigor gehigarri" hori kendu dietelako. Baina, nolanahi ere, beraiek eman nahi duten berria semeak libre utzi dituztela da. Hala esan du Bel Pozueta Adur Ramirez de Aldaren amak.
Auzitegi Nazionalak ebatzi beharreko helegite baten zain daude Altsasuko auziteko presoak. Ez dute itxaropen gehiegi epaitu zituzten auzitegian, baina gero Gorenera ere joko dutela azaldu dute, eta behar bada, helegitez helegite justiziaren bide guztia agortuko dutela, Estrasburgora iristeraino. Auzia nazioartean zabaltzeko ahalegina egingo dutela jakinarazi du Pozuetak.
Altsasuko auzian epaitu eta zigortutako zazpi lagunek ez dute zigor irmorik, eta gainera zazpitik hiruk betea dute jarritako zigorraren erdia baino gehiago. Horregaitik, libre egoteko baldintza batetzen dituztela uste du Pozuetak. Beren semeekin egiten ari direna "mendekua" dela salatu du. "Proportzionaltasunik gabeko justizia ez da justizia".
Bestetik, poza ere agertu dute prentsaurrekoan. Pozuetak nabarmendu duenez, elkartasun ugari jaso dute, bai Euskal Herrian eta baita handik kanpo ere.
Etorkizunera begira, gazteei eskatu die ez uzteko beren ametsak eta proiektuak bazterrera, espetxe mehatxuengatik.