1999 eta 2005 artean PPk Bilbon duen egoitza diru beltzez ordaindu zela adierazi zion alderdiko diruzain ohi Luis Barcenasek epaileari, eta Carlos Iturgaitz eta Maria San Gil izan ziren garai horretan Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidenteak.
Radio Euskadin elkarrizketatu dute Borja Semper PPko Gipuzkoako presidentea. "Esan digute dena zuzen egin zela, legearen arabera, eta guk, logikoa den bezala, sinetsi egin behar dugu", esan du. Haien hitzaz gain, ordea, kontuak dituztela adierazi du: "Publiko egin ditugu, eta prest gaude edonori emateko".
Semperren ustez, Barcenasek "susmoa" zabaldu nahi izan du EAEko PPren inguruan: "Oso gogor egin baitugu haren aurka". Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Kongresuan azalpenak ematearen inguruan, berriz, Semperrek azaldu du agenda "oso zaila" duela Rajoyk, eta azpimarratu du "egoki" iruditu zaionean erabaki duela Kongresuan agerraldia egitea, "ez hedabide batek edo kartzelan dagoen pertsona batek esan dionean".