A-8 errepidea gaur goizaldean zabaldu dute berriro Bilborako bidean, atzoko istripuaren arrastoak garbitu eta gero. 05:30ean ireki dituzte bi bideak, eta normal-normal igaro da bertatik zirkulazioa.
Istiñako tunelean (Deba, Gipuzkoa) elkar jo zuten autobus batek, kamioi batek eta zazpi ibilgailuk, eta hemeretzi pertsona zauritu ziren. Horietako hiru larri eraman zituzten ospitalera. Larrien dagoena Donostia ospitalean da.
Ezbeharra 15:30 aldera gertatu zen, autobideko 58. kilometroan. Ibilgailuek Itziarko zerbitzugunea pasatu eta gero izan zuten istripua, Istiñako tunel barruan; 200 metro luze da. Horren eraginez, Ertzaintzak A-8 errepidea erabat itxi behar izan zuen hainbat orduz Bilborako bidean.
Errepidea garbitu bitartean, zirkulazioa N-634 bidetik desbideratu zuten ertzainek. Auto ilara handiak sortu ziren arratsalde osoan bi errepideetan. 21:00etan oraindik itxita zegoen.