Txio baten bidez jakinarazi du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak sendagiria jaso duela. Larraitz Ugarte aldundiko bozeramailearekin batera agertzen den argazki bat ere txertatu du. "Goitik behera" begiratu dutela dio Garitanok, eta badoala etxera; jasotako elkartasuna ere eskertu du, aldi berean.
Goitik behera begiratu eta gero, banoa etxera.Eskerrak denoi, jaso dudan elkartasuna haundia izan da #geureaikurrinapic.twitter.com/RIx4uEw0QW
— Martin Garitano (@mgaritano) April 28, 2014
Protokoloak agindu bezala, 24 orduz egon zen Garitano medikuen behaketapean, Donostiako Ospitalean. Beste 24 orduz luzatu zioten behaketa aldia medikuek, eta gaur bertan eman diote Garitanori sendagiria. "Lasai" igaro zuen larunbatetik iganderako gaua, Gipuzkoako Aldundiak ohar bidez jakinarazi zuenez.
Larunbatean, ikurrinaren aldeko ekitaldia hastear zela, ondoezik sentitu zen Garitano, eta tentsio uneak bizi izan ziren Donostiako Gipuzkoa plazan. Hantxe, anbulantzian bertan, artatu zuten medikuek, eta hobera egin arren, ospitaleratu egin zuten, beharrezko frogak egiteko. Hasieran zabaldu zenaren kontrara, ez zuen bihotzekorik izan Garitanok.