Orekarien sokan balantzaka ari dira sendiak. Lehendik ere lanak izaten zituzten faktura guztiak ordaintzeko, eta azkenaldion gainera, euriborrak ez die atsedenik ematen. Abuztuan are gehiago okertu dira gauzak. %3,615eraino iritsita, azken urtean 1,391 puntu igo da hipoteka maileguak neurtzeko Euskal Herrian gehien erabiltzen den erreferentzia.
Eta zer esan nahi du horrek? Ba, abuztuan hipoteka berrikustekoa zen zordunak aurrerantzean kuota handiagoa ordainduko duela hilero. Euskal Herrian, batez beste, 145.000 euroko maileguak ematen dira, 25 urterako, eta beraz, aurrerantzean hilero 104 euro gehiago ordainduko ditu hipoteka abuztuan berrikusi duenak. 1.248 euro gehiago urtean. Normalean, urtean behin egiten dira kontuak, eta indizearen urte arteko aldea aintzat hartzen da kuota berriak kalkulatzeko.
Azken sei urteotako igoera handiena da hori. Izan ere, 1999ko azarotik 2000ko azarora bitartean 1,504 puntu igo zen indizea, eta azken urteotan tarte guztiak txikiagoak izan dira. Baina ez da hori euriborrak berriki hautsi duen marka bakarra. Abuztuko indizea 2002ko uztailaz geroztik izandako handiena da. %3,645ean zen garai hartan.
Badira hipoteka urtean birritan berrikusten duten familiak, eta horientzat 55,37 euro igoko da hileroko kuota. Otsailean %2,914an zen indizea. Eta zantzu guztien arabera, euriborrak igotzen jarraituko du. Adituen arabera, litekeena da abenduan %3,8an izatea.
Hipoteka maileguen interes tasen erreferentzia indize nagusia izateaz gainera, euriborrak beste lan garrantzitsu bat egiten du: Europako Banku Zentralaren diru politika aurreratzen du. Horren arabera, merkatuek aurreikusten dute urte bukaera bitartean interes tasak %3,5 eraino igoko dituela EBZk.
INTERES TASAK, BERE HARTAN. Atzokoan, bederen, diruaren balioa %3an uztea erabaki zuen Jean Claude Trichet EBZko presidenteak. Bere kodea baliatu zuen, ordea: «Argi dago zaintza irmoa ezinbestekoa dela prezioen egonkortasuna kolokan jartzen duten arriskuak kontrolatzeko». Trichetek «zaintza» hitza erabiltzen du interes tasak igo aurreko hilabetean, eta atzo birritan esan zuen. Azaroan, otsailean, maiatzean eta uztailean ere erabili zuen, igoera bakoitza baino hilabete bat lehenago, hain justu. «Oso gertutik behatzen» hitzak, berriz, bi hilabete lehenago esaten ditu, baina Trichetek ukatu egin du bere hitzekin merkatuei keinua egiten diela.
Beste teoria bat ere sortu dute adituek. Abenduaz geroztik lau aldiz igo ditu EBZk interes tasak, aurreneko hiruak hiruhilean behin. Joan den hiletik hasita, aurrerantzean bi hiletik behin igoko dituela iragarri dute, eta horren arabera, urriaren 5ean eta abenduaren 7an igoko ditu tasak EBZk.
Nola ez, iragarpen horiek argudiatzen dituzten arrazoi ekonomikoak ere badaude. Euroguneko inflazioa uste baino handiagoa izango dela aurreikusi du EBZk: aurten %2,3 eta %2,5 artean egongo da, eta 2007an %1,9 eta %2,9 artean. Hazkunde ekonomikoa, berriz, uste baino sendoagoa izango da, EBZren ustez: %2,2 eta %2,8 artekoa 2006an, eta %1,6 eta %2,6 artekoa 2007an. Prezioen igoerari eusteko ahaleginetan igoko ditu tasak, ekonomia bizikiago hazten den heinean. Itzalak ere badaude, Alemaniako enpresaburuen konfiantzak adibidez atzera egin duelako abuztuan.
%5,25ean dira AEBetako interes tasak, eta abuztuan bere horretan uztea erabaki du Fedek. Ez aho batez. Igoeren ondorioak oraindik ez direla nabaritzen argudiatu dute, eta inflazioa jaistea dute erronka.
Interes tasak %3an utzi ditu EBZk, baina «zaintza» hitzarekin irailean igotzeko keinua egin du Trichetek
Sendiek 104 euro gehiago beharko dituzte hilean hipoteka pagatzeko
Euriborra abuztuan %3,615eraino igota, azken sei urteotan baino gehiago igoko dira kuotak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu