Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak kanpaina bat abiatu du urruntze politikak eragindako gastu ekonomikoei aurre egiteko. Etxerat Lagun du izena eta hilabeteko diru kuota baten bidez elkartea laguntzea du xede. "Dispertsio politikarengatik zeharo itota daude senideak. Zama pisutsu hori arintze aldera dator kanpaina", adierazi dute.
Donostian eginiko agerraldi batean, Etxerat-eko kideek egitasmoarekin bat egiteko moduak azaldu dituzte: www.etxerat.eus webgunean sartu eta han dagoen izen-emate orria deskargatu eta betez, ondoren elkartera posta arruntaz edo eskaneatuta eta posta elektronikoz bidaliz. Edo internet bidez, zuzenean. Halaber, posta elektroniko bat ([email protected]) eta telefono zenbaki bat zabaldu dute, whatsapp aplikazioaren bidez harremanetan jartzeko: 646 02 88 84.