Euskal presoak

Senideak ere epaile aurrera

Madrilen deklaratuko dute gaur eta bihar euskal presoen hamalau senitartekok; "burua tente joango gara", esan diote BERRIAri. Eguerdian elkarretaratzea egin dute Donostiako probintzia auzitegiaren aurrean, kriminalizazioa salatzeko. 

Senideen jazarpena salatzeko gaur Donostian eginiko elkarretaratzea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ainhoa Oiartzabal-Hodei Iruretagoiena
2015eko uztailaren 7a
07:19
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalera egin behar izan dute bidaia gaur senideek deklaratzera. Eta bihar ere beste senide batzuen deklarazio hartzea izango da.

Eguerdian, Senide izatea ez da delitua aldarrikatzeko elkarretaratze nazionala egin dute, Etxerat-ek deituta, Donostiako probintzia auzitegiaren aurrean. Han izan da, besteak beste, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea. "Guztiz eskandalagarria da hau", adierazi du auziari buruz.

Informaziorik gabe, gertatzen ari dena ondo ezin ulertuta, amorratuta, urduri. Halaxe dabiltza gaur eta bihar Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dituzten euskal presoen senideak. Hamalau lagun zitatu dituzte guztira; tartean, Juan Ramon Arkauz, Luis Urrutia eta Juan Mari Sanpedro arrasatearrak (Gipuzkoa) eta Txusa Etxeandia barakaldarra (Bizkaia). Ez dakite zer galdetuko dieten, baina behartuta daude erantzutera, lekuko gisa deklaratuko baitute. Argi, gauza bat dute: «Burua tente joango gara».

Zigorra etengabea dela dio Arkauzek: «Astebururo daukagu norbait bisitatu beharra. Dauzkagun arazo guztiekin, eta, orain, hau». Laurek dituzte senideak etxetik ehunka kilometrora, Espainian: Murtzian Arkauzek —700 kilometrotik gora—; Toledon Urrutiak —450 kilometro inguru—, Jaenen Sanpedrok —700 kilometrotik gora— eta Granadan Etxeandiak —800 kilometrotik gora—.

Informaziorik ez diete eman, baina badute susmo bat: Mate operazioaren harira atxilotutako abokatuen aurka erabili nahi dituztela beraiek esandakoak. Apirilean, Intxaurrondo eta Salbeko kuarteletara deitu zituen Guardia Zibilak, beste 123 seniderekin batera; «Kapital zuritze batekin» lotutako auzi baten inguruan deklaratu behar zutela esan zieten guardia zibilek. «Zergatik ez digute galdetzen, adibidez, senideei kartzelara sartu behar diegun diru guztiaz? Edo bidaiak egiteko gastatzen dugunaz?», galdetu du Arkauzek. Haientzat ez ezik, gainerako senideentzat ere bada karga gertatzen ari dena, ez baitakite gehiago ere deituko ote dituzten deklaratzera.

Hasieratik «modu txarrean» joan zaizkiela salatu dute laurek. Ez dute prozedura bakar bat bete. Guardia Zibilak joan zaizkie batzuei etxera, ertzainak besteei, edo telefonoz deitu diete. «Niri bi guardia zibil agertu zitzaizkidan etxean, 21:00 aldera», kontatu du Etxeandiak. Salbera joateko zitazioa eraman zioten. «Esan nien ez nuela zertan joan. Deklaratu behar banuen, epaile batek deitu beharko zidala. Eta ez niela ezer sinatuko».

Telefonoz deitu zion guardia zibil batek Sanpedrori, 07:30ean: «'Bihar 10:00etan Intxaurrondora', esan zidan. 'Ez, Kanarietan nago'. 'Zein egunetan zatoz?'. '24an'. 'Ba 24an 10:00etan Intxaurrondora'. 'Ez, arratsaldean iritsiko naiz Arrasatera'». Biraoka hasi zitzaion guardia zibila, bost minutu barru deituko ziola esanez. «Esan zidan 27an joateko Intxaurrondora. Eskatu nion geroago deitzeko, Kanarietan nengoelako. 'Berandu konturatu naiz', erantzun zidan».

Ez joatea erabaki zuten orduan, Auzitegi Nazionalera deitzeko pausoa ez zutela emango pentsatuta. Iritsi zen, ordea, hori ere. Urrutiari, ertzainak joan zitzaizkion etxera. Madrilen deklaratu beharrean, Bergarako epaitegian egiteko eskatu zuten abokatuek, baina ukatu egin zieten eskaera. «Ertzainak esan zidan uztailaren 7an Bergarara agertzeko zitazioa eman zidatela. Ez dakite nondik dabiltzan ere».

Xedea, presoak «bakartzea»

Halako jokabideekin, senideen egoera zailtzen ari direla salatu dute. Sanpedro: «Ez da normala Madrilera joan beharra. Hemengo auzitegietan ere egin zitekeen, bideo konferentziaz». Arrasatetik, adibidez, hiru lagun deitu dituzte, egun ezberdinetan. Etxeandia: «Lanera eraman zitazioa, eguna jai eskatu, eta, hala ere, 15:00etan lanetik irten, eta zuzenean Madrilera joan behar».

Larriagoa da, ordea, zitazioen helburua. Hala diote denek. Defentsa juridikorako presoek duten eskubidea ekarri du gogora Etxeandiak: «Presoei egin dizkieten gehiegikeria guztiak ez gertatzeko lan egiten dutenen aurka jo dute. Egoera sinestezinetan, abokatuek lagundu izan digute. Preso eta iheslariekiko elkartasunez ari diren guztien aurka egiten dute, haiek bakartzeko». Abokatuak, Jaiki Hadi, EPPK-ren bitartekariak... Denen kontra egin dute dagoeneko.

Bereziki nabarmendu dute familiartekoek abokatuek presoen eskubideen alde egiten duten lana. Etxeandia: «Ez dago dirurik abokatu hauen lana ordainduko duenik. Ez da soilik epaiketetara joatea. Presoengana joatea, uzten dietenean; atxiloketen gainean egotea, behar denero presaka Madrilera joatea... Eta jartzen dizkieten traba guztiekin, gainera».

«Mendekutik» sortutako jokabideak direla, horixe da senideek aurkitzen dioten zentzu bakarra. Beraiek nahi dutena argi dute, ordea: «Etxean nahi ditugu». Bitartean, zein jarrera izango duten zalantzarik gabe dio Etxeandiak: «Maite ditugu gure senideak, eta Eloy Velascok edo beste edozeinek deitu, joango gara. Beti lagunduko diegu presoei. Berdin du nora eramaten dituzten. Ez ditugu bakarrik utziko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.