PPk Eusko Legebiltzarrean proposatu zuen Askatasun eta Elkarbizitza lantaldeak sortutako polemikaren soka luzatuz doa orduak pasatu ahala, eta Arantza Quiroga EAEko PPko presidentearen dimisioa Madrilgo PPren bulego bateko mahai batean dago, zenbait iturriren arabera. Borja Senper Eusko Legebiltzarreko PPko bozeramaileak gaur arratsaldean esan du baliotsua dela Quiroga PPrentzat, baina hari dagokiola bere etorkizun politikoaz erabakitzea. Hala ere, ustezko dimisioaz ezer ez dakiela adierazi du Senperrek. Efe agentziak PPko iturriak aipatuz zabaldu duenez, gezurtatu egin dute Quirogak dimisioa emateko asmorik duela.
EAEko PPk atzera bota zuen asteartean bizikidetzarako ekinbidea, Espainiako PPk kargu hartu ostean. Gaur, Quiroga ez da Eusko Legebiltzarreko saioan izan, eta hark PPn izan dezakeen etorkizunaren inguruan zurrumurruak areagotu ditu horrek. El Mundo egunkariak argitaratu duenez, Quirogak kargua uzteko asmoa jakinarazi dio goizean Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiari.
Arantza Quiroga PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidenteak aurkeztu zuen Askatasun eta Elkarbizitza lantaldearen ekinbidea, eta hark berak eman zuen atzera egiteko asmoaren berri. Javier Maroto PPko Sektore idazkariordeak alderdiaren zuzendaritzaren babesa helarazi dio Quirogari. Marotok adierazi du Quirogaren erreakzioa "abila eta azkarra" izan zela ekinbidea erretiratuta.