Senperen milatik gora lagunek eskatu dute Naia Lacroix libre uzteko

Estatuek gatazkaren luzapenaren aldeko parioa egin arren, zepo horretan ez erortzeko deia egin dute

Aitor Renteria.
Senpere
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Mila lagunetik gora elkarretaratu ziren atzo Senperen (Lapurdi), Naia Lacroix gaztea libre uztea eskatzeko. Naia eta Audrey Lacroix otsailaren 14an atxilotu zituzten Senperen. Audrey Lacroix libre utzi zuten, baina Naia Lacroix Fresneseko presondegian sartu zuten. Aste honetan Bordeleko (Frantzia) Gradignan espetxean sartu dute Lacroix, bakarturik. Lacroix libre uztea eta gatazka politikoaren konponbide demokratikoaren aldeko deia egin zuten manifestariek.

Manifestazioak Senpere zeharkatu zuen jendarmeriaraino. Bertatik pasatzean, «alde hemendik, utzi bakean», «errepresioa ez da bidea» eta «presoak kalera, amnistia osoa» oihukatu zuten manifestariek. Bertan itzulia egin zuten, eta elizako plazara abiatu ziren ekitaldi politikoa egiteko.

Konponbidearen alde

Amnistiaren aldeko mugimenduko bi kidek hartu zuten hitza, euskaraz eta frantsesez. Lacroix familiari sostengua adieraztearekin batera, elkartasuna adierazi zieten Gipuzkoan atxilotutako Inaxio Otaño Ttintto eta Iñaki Igerategiri. Elkartasuna adierazi zioten ere ostiral arratsean Angelun atxilotutako Oier Oa gazteari. «Espainiak eta Frantzian gatazkaren luzamenaren aldeko pario egin badute ere, ezin gara zepo horretan erori», esan zuten. Kriminalizazio ahaleginak gainditzera eta konponbidearen aldeko urratsak egitera deitu zituzten Frantzia eta Espainia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.