SEOk salatu du Zilbetin 87.000 pago moztu nahi dituela Magnak

2.500 bota dituzte jada, talde ekologistak ezagutarazi duenez; proiektua gelditzeko eskatuko du epaitegian

Makinak joan den abenduan sartu ziren Zilbetiko pagadian; 70 zuhaitz moztu zituzten. SEO/BIRDLIFE.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Europak babestutako basoa da Zilbetiko pagadia, Natura 2000 sarearen barruan baita. Hala eta guztiz ere, baso horretako 87.000 zuhaitz bota nahi ditu Magnesitas de Navarra SA enpresak (Magna), SEO/BirdLife talde ekologistak salatu duenez. Madrilen egin du agerraldia talde horretako kide Juan Carlos Atienzak, eta hainbat datu jarri du mahai gainean. Zilbetiko harrobia egiteko Magnak Aldude mendian moztu nahi duen zuhaitz kopurua ez da bakarra. Gaineratu duenez, Kintoan minerala garraiatzeko egin nahi den tunelaren iparreko sarrera egonen litzatekeen eremuan 2.500 pago bota dituzte jada.

«Zuhaitz horietako anitzek ehunka urte zituzten; pagoak moztu dituzten eremuan, gainera, okil gibelnabarra bizi da. Desagertzeko zorian dago espezie hori, eta Kintoan dago bizitoki dituen eremu bakarrenetako bat», azaldu du Atienzak.

Egoeraren larritasunaz ohartarazi du SEO/BirdLifek, Zilbetin aire zabalean egin nahi den harrobiaren proiektuak ingurumenean eraginen lituzkeen kalteak handiak liratekeelako, haien ustez. Hori dela eta, hainbat neurri martxan jartzeko asmoa agertu du Atienzak. Batetik, auzitara joko dute, proiektua behin-behinekoz bertan behera uzteko eskatzeko; bertzetik, SEO/BirdLifek Frantziako Gobernuari eskatuko dio proiektuaren aurka egin dezala, «mugaz gaindiko balizko kalteen inguruko informaziorik ez jasotzeagatik»; hirugarrenik, talde ekologistak salatu du Magna enpresak ez duela bete harrobiak eraginen lukeen kalteari buruzko txostenak jasotakoa. «Larritzat jo daitekeen arau-hauste bat da. Txostenak ez du baimenik ematen minerala ateratzeko, eta debekatzen du, gainera, Zilbetitik kamioiak pasatzea».

Aurreikusi du bertze neurririk SEO/BirdLifek: «Espainiako Ingurumen Ministerioari emanen diogu Aldude mendian gertatzen ari denaren berri, egoera larria baita; informazio guztia Fiskaltzaren esku uzteko aukera aztertzen ari gara, halaber, egon daitezkeen irregulartasunak iker ditzan», erran du Atienzak.

Herritarrak, aurka

Ekologisten oposizioarekin egin du topo Magnak Zilbetin duen proiektuak, hasieratik. Herritarren artean ere nabarmena da kontrako iritzia. Jada 16.000 sinadura jaso ditu SEO/BirdLifek aire zabalean egin nahi duten harrobiaren aurka. Aldude Mendia plataforma sortu dute herritar horietako zenbaitek. Zilbetiko eta inguruko bertze hainbat herritako jendeak osatzen du.

Plataformako eta talde ekologistetako kideen artean alarma piztu zen joan den abenduan, Gabon gauean Zilbetiko kontzejuko presidenteak sinatutako bandoaren harira. Abenduaren 27tik urtarrilaren 5era bitarte Magna zuhaitzak mozten ariko zela ezagutarazi zuen bando horrek. «Hasierako asmoa zen 1.600 pago moztea. Herritarren eta taldeen mobilizazioari esker, 70 bertzerik ez zituzten bota», gogorarazi du Atienzak.

Egun horietan 32 kamioi pasa ziren Zilbetitik, nahiz eta horretarako baimenik ez izan, SEO/BirdLifeko kideak azpimarratu duenez. Kamioien asmoa omen zen harrobia ireki nahi den eremutik laginak hartzea. Magnak, ordea, ez du horretarako baimenik. Horixe salatu du talde ekologistak, behin eta berriz, eta halaxe berretsi du Atienzak. «Enpresak guri ez digu inolako baimenik erakutsi, ezta Guardia Zibilari ere». Nafarroako Gobernuari ere eskatu dio SEO/BirdLifek Zilbetiko pagadia mozteko baimen hori, baina oraindik ez du jaso. «Nafarroako Gobernuak dio baimen hori egon badagoela, baina ez digu erakutsi». Legeak informazio hori eskatzeko aukera eskaintzen du, eta halaxe egin du talde ekologistak. «Abenduaren 27an egin genuen eskaera; Nafarroako Gobernuak hilabeteko epea zuen erantzuteko, eta denbora amaitzen ari da», azaldu du Atienzak.

Auzi honetan, dena den, denborak Zilbetiko pagadiaren aurka egin dezakeela uste du Atienzak. Arrisku hori badela, eta bazter uzteko lan egin behar dela. Proiektua geldiarazteko joko du SEO/BirdLifek auzitara, eta epaileen erantzunak azkarra behar duela izan nabarmendu du, egun ustez Europak babestua duena babesten jarraitu ahal izateko. «Duguna babestea da asmoa, enpresak aurrera egin eta zuhaitzak moztu baino lehen».

Lanpostuak

Natura babesteko lanak, hala ere, ez du lanpostuei eusteko asmoaren kontra egiten, Atienzak azpimarratu duenez. «Proiektu honek ez du luze iraunen. Industria eraldatu beharko da. Enpresak berak dio hamar-hamabost urteko jarduna izanen duela harrobiak, mineral gutxi eta kalitate eskasekoa dagoelako. Natur ondareak bertze mota bateko lanpostuak sortzeko aukera ematen du».

Horretarako egun Zilbetin dagoen ondareari eutsi behar zaiola argi utzi du Atienzak. Harrobiak hori guztia arriskuan jarriko lukeela gaineratu du. «Okil gibelnabarrari, bisoiari eta erreketako bertako amuarrainei eraginen lieke proiektuak; ibaietako urak ere jasoko luke kaltea. Europak babestutako baso batean horrelakorik ezin da onartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.