Serafin Llamas Ezker Batuko presidentetza koordinatzaileak eta bozeramaileak alderdiaren Kontseilu Politikoaren esku jarri du kargua. EAJk egin duen salaketan nahastuta dagoenetako bat da Llamas, Agirreren hitzetan berak idatzi baitzuen Arabako bi batzarkideren babesaren truke nahi zituzten karguak zeintzuk ziren. Llamasek, ordea, gaur esan du bere hitzak gaizki ulertu zituztela. "Ez nion eskatu Agirre kontraprestaziorik babesaren truke".
Gainera, gaiak hartu duen "dimentsioarekin" harrituta dagoela esan du Llamasek. Edozein modura, erantzukizuna onartu du eta barkamena eskatu dio iritzi publikoari eta Ezker Batuaren militantziari egin ahal izan duen kalteagatik.
Kontxi Bilbao Arabako EBko bozeramaileak atzo aitortu zuen egia dela Xabier Agirrerentzako babesaren truke norbaitek karguak eta dirua eskatu ziola EAJri. Bilbaok izenik eman ez bazuen ere, Aranak atzo Madrazoren sektoreko arduradunak jarri zituen jomugan, eta Javier Madrazo koordinatzaile nagusi ohia alderditik kanporatu dutela jakinarazi zuen.
EAJk herenegun esan zuen eskakizun horren lekukoak dituela, eta Llamasek eskuz idatzitako orri bat duela, zer kargu nahi dituzten azalduz. Berarentzat eskatzeaz gain, EAJren arabera, Julia Madrazo eta Jose Navasentzat eskatzen zituzten.
Madrazoren sektorekoak ohartarazi ditu Aranak
Gaur Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusia Madrazoren sektoreari zuzendu zaio eta esan du Madrazoren sektoreko jarraitzaileak berriro Ezker Batuan afiliatzen ez badira, ofizialki alderditik kanpo geratuko direla. Alderdiaren barruan dagoen duplizidadea amaitzeko alderdiko kideek berriro afiliatu beharko dute eta azaroan batzar orokorra egingo dute Arana buru duen sektoreak deituta, Izquierda Unida alderdiaren barruan berriro sartzeko.
Madrazoren sektorekoek, ordea, aurreratu dute jada ez direla berriro afiliatuko. Horrek zuzenean alderditik kanpo utziko dituela esan du Aranak gaur. "Zer pentsatu ematen du berriro afiliatuko ez direla esan duten horiek izatea Araban [EAJrekin] negoziatu dutenak", gaineratu du.
Aranak gaur esan du, gainera, azaroan egingo den batzarrean Arabako bi batzarkideen kanporatzea bozkatuko dutela: Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta. Azaroko batzar nagusia duplizitatearekin amaitzeko deitu duten arren, Madrazoren sektoreak inpugnatu egin du. Aranak dio Madrazoren sektorearen eskakizunen berri izan denetik, orain arte alde horretakoak ziren zenbait kidek hori "onartezina" dela esan diotela.