komunikazioa

Serrano: "Kazetaritza librea ez da informazioa Interneten doan eskuratzea"

Gaur eta bihar EHUko Giza eta Komunikazio Zientzien Fakultateko auditorioan Kalitatezko kazetaritzaren etorkizunari buruzko jardunaldiak egingo dira. Bi egunez, hainbat gonbidatuk parte hartuko dute.

Alazne Aiestaran eta Pascual Serrano. BERRIA
2013ko azaroaren 4a
11:30
Entzun

Kalitatezko kazetaritzaren etorkizuna nazioarteko jardunaldien antolatzaile Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza (HGH), BERRIA Fundazioa eta Euskal Herriko Unibertsitatea dira. Gaur eta bihar egingo dira EHUn. BERRIA zuzenean ematen ari da bertatik hangoaren berri.

Gaur goizean Mariano Ferrerrek hartu du hitza. Ferrer hedabideen gainbeheraz aritu da, edukiak sarean doan jarri dituelako eta kazetariak erredakzioetan sartu direlako, beste argudio batzuen artean. Esan du kazetaritzak egia bilatu behar duela, eta zorrotz aritu da horrekin, independente izateko beharra azpiarratuz.

Maddalen Iriarte eta Lander Arbelaitz kazetariak hasi dira ondoren. Biak ere Argia saria jaso duten kazetariak dira, kazetaritzan gazte hasitakoak.  Egungo eszenatoki mediatikoaren indar-guneak eta ahuleziak zen mahai inguruaren izenburua.

Arbelaitzek esan du Internetek hedabideen esku jarri dituen aukerak direla kazetaritzak gaur egun dituen indarguneetako bat, eta teknologia berriak aipatu ditu zehazki, gailuak tartean. Iriartek, berriz, azpimarratu du kazetaria dela informazioa taxutzen duena, eta bideoak eta argazkiak egitea soilik ez dela kazetaritza azpimarratu du.

Iriartek, gainera, behin baino gehiagotan nabarmendu du zintzotasunez jokatu behar duela kazetariak, eta garaiagatik kazetariari gauza asko egitea egokitzen bazaio ere, horregatik exigentzia maila ezin dela jaitsi adierazi du: "Kazetaritzak erroetara itzuli behar du".

"Edo herritarrak, edo El Corte Inglesek edo Estatuak ordaindu behar du"

Arratsaldeko lehen hizlaria Pascual Serrano Rebelion.org-ko fundatzailea izan da. Informazioa ordaindu egin behar dela defendatu du, egin ezean, konpainia handien babesa duten hedabideek soilik egingo dutelako aurrera, eta horiek sekula ez dutelako babestuko euren interesen kontrakoa den edozein informazioa,.

Estatuaren parte-hartzea hedabideetan ere defendatu du, hezkuntzan eta osasungintzan egiten duen bezala. "Menpeko diren hedabide publikoen kasuan arazoa ez da hedabidea publikoa izatea, baizik eta menpeko duen gobernua", adierazi du Serranok.

Eguna amaitzeko Andoni Aranburu EITBko estrategia arduraduna, Iñaki Uria Hamaika Telebistako zuzendaria eta Iban Arantzabal Goienakok komunikazio taldeko zuzendaria. Hizkuntz gutxituekin aritzen diren telebisten erronketaz aritu dira.

Euskarazko telebisten elkarlana

Aranburuk aurreratu du etorkizunean EITBren erdarazko kateetan euskararen presentzia handituko dutela. Uriak gaineratu du, horrez gain, erdarazko kateak euskalduntzea ere sustatu beharko luketeela. Orokorrean hiru hizlariak agertu dira elkarlanaren alde. Arantzabalek proposatu du, esate baterako, EITB Nahieran-ek tokiko telebistetako edukiak ere gaineratzea.

Arantzabalek esan du lehenik eta behin hartzaileak nortzuk diren identifikatu beharko liratekeela. Uriak azaldu du, esate baterako, euskaldun asko etxe mistoetan bizi direla eta horiei eta euskaldun elebidunei zuzendutako edukiak eskaini beharko liratekeela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.