Memoria historikoa

Servini: "Ahal dudan guztia egingo dut"

Argentinan deklaratzen hasi dira frankismoko krimenen hainbat biktima; hamalauk hitz egingo dute epailearen aurrean asteon.

1976ko martxoaren 3an hildakoen aldeko omenaldia. M. D. V., ARP
2013ko abenduaren 4a
15:52
Entzun

Maria Servini de Cubria Argentinako epailea atzo hasi zen deklarazioa hartzen frankismoko krimenen biktimei. Hiruk deklaratu zuten, tartean Andoni Txasko —1976ko martxoaren 3an Poliziak Gasteizen egindako hilketei buruzko lekukotasuna eman du hark—.

Radio Euskadiko Ganbara saioan mintzatu da Servini, eta azaldu du deklarazioak "luzeak" izan direla, gertakariak azalduz. Guztira hamalau lagunek deklaratuko dute. "Auzi hau gainerako beste guztiak bezala ikertu behar dut", esan du, eta, horren haritik, "ahal duen guztia" egiteko konpromisoa azaldu du: "Legez dagokidana egin behar dut".

Servini de Cubria epaileak frankismo garaiko bi poliziaren zuzeneko estradizioa eskatu zuen urriaren 28an, hartara Argentinan epai ditzaten. Jesus Muñecas Aguilar eta Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño dira. Espainiako Gobernuaren aldetik jarrera aldaketa antzeman duela-eta, "oso positibotzat" jo du Madrilen jarrera aldaketa hori.

Ukatu egin du presioak jaso izana, eta normaltzat jo du frankismoaren krimenei buruzko ikerketa bakarra Argentinan egin izana; izan ere, gogorarazi du Italiak Argentinako militarrak epaitu zituela, eta beste horrenbeste egin zuela Espainiak Txilekoekin.

Pablo Ruz epaileak biharko deitu ditu Pacheco eta Muñecas, Argentinak egindako estradizio eskaera onartzen duten galdetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.