Espainiaren Gobernuaren aldetik trabarik izan ote duen galdetuta, ezezkoa erantzun du Maria Servini epaileak, baina atzerapenak "etengabekoak" direla salatu du. Ikerketarekin aurrera jarraituko duela baieztatu du Servinik, eta Jesus Muñecas eta Juan Antonio Gonzalez Pachecho Billy el Niño ez estraditatzea ez du uste oztopo denik, eta izatez, jende gehiago inputa dezakeela baieztatu du.
Servini: "Jende gehiago izan daiteke inputatua". Muñecas eta Billy el Niñoren estradizioa ukatzeagatik etsiko ez dutela argitu du. @berria
— Oihan Vitoria (@oihanvito) May 20, 2014
Gainera, Espainiako Gobernuak frankismoaren krimenak ikertu beharko lituzkeela adierazi du. Berak, bitartean, ikertzen jarraituko duela baieztatu du. "Espainiak egunen batean gauza bera egitea espero dut".
Hala ere, Espainiatik frankismoko krimenak ikertu beharko liratekeela adierazi du. Itxaropena agertu du horretarako. @berria
— Oihan Vitoria (@oihanvito) May 20, 2014
Agerraldi laburraren amaieran adierazi du ikerketa "amaierara arte" eramango duela. "Ezer gutxi erantsi dezaket Espainian egonda".
Ibilbide luzeko prozesua
Lau urteko salaketa bidearen ostean, Euskal Herrira iritsi da Maria Servini Argentinako epailea. Igande iluntzean hartu zuen ostatu Bilbon, eta atzo bertan hastekoa zen frankismoko biktimen lekukotasunak hartzen. Felix Padin bilbotarrarena biltzekoa zen, Miranda Ebron (Burgos, Espainia), baina ezin izan zuen. Batetik, hango auzitegiaren baimena jaso gabe zegoelako artean, eta, bestetik, ondoezik ospitaleratu zutelako Padin. 98 urte ditu.
Goizean heldu da Servini epailea Gernikako epaitegira (Bizkaia), Julen eta Elisa Kaltzada neba-arrebekin. Espektazio handia zegoen epaitegi atarian —tartean, Alemaniako telebista kate publikoa—, eta adierazpenik egin gabe sartu da epaitegira. Amaieran pare bat minutu hartu ditu prentsarekin hitz egiteko (BerriaTB):
[youtube]http://youtu.be/6GmDJdzcjIs[/youtube]
Julen Kaltzadak, ordea, esan du "urduri" baina "itxaropentsu" daudela. Galdetuta ea zer iruditzen zaion auzia Argentinako epaile batek ikertzea eta ez Espainiako batek, hauxe erantzun du: "Galdetu beharko litzaieke Espainiako Gobernuari-eta zergatik ez duten nahi jende hau epaitzerik, baina pentsatzen dut beldur izango direla, bestela gauzak erraztuko lituzkete". Bideoa: Servini, epaitegira heltzen.
[Youtube]http://youtu.be/2eVWCWD9IhA[/Youtube]
#ServiniEHn "Urduri" baina "itxaropentsu" sartu dira kaltzadatarrak epaitegira. pic.twitter.com/a7YmWXE6Tp
— Maite Asensio Lozano (@MAsensioLozano) May 20, 2014
Bi orduz izan dira deklaratzen, eta irteeran, pozik agertu dira Kaltzada anai-arrebak, "lasaitua hartuta". Udaletxean izan da gero, eta harrera egin dio Jose Maria Gorroño alkateak. Kazetariekin hitz egin du Servinik, eta sumarioko sekretua ez apurtzeko xehetasun handirik eman ez arren, azaldu du "dena ondo" doala. Esan du "ezinduei" edota kontsulaturik gertu ez dutenei deklarazioa hartzeko joan dela haiengana, eta gaineratu du testigantza asko biltzen ari dela, Euskal Herrian nahiz Argentinan.
Arratsaldean, Donostiara da joatekoa, eta harrera egingo dio Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. Udaletxean bertan, agerraldi bat egingo du Servinik kazetarien aurrean.
Diskrezioz lan egin nahi duela esana zuen, eta horri eusten saiatzen ari da Servini epailea. Hala ere, onartu du jendaurrean ekitaldi batzuk egitea. Atzo bertan egin zuen lehena; Eusko Legebiltzarrean harrera egin zion Bakartxo Tejeria presidenteak. Kazetarien aurrean hitzik ez zuen egin, ordea, Servinik. «Normala da diskrezioz jokatzea. Herrialde batera etorri da nazioarteko justiziaren barruan, nora eta laguntza handirik emateko gogorik ez daukan herrialde batera», azaldu du Josu Ibargutxi Argentinan kereila jarri zuen plataformako eledunetako batek. Pozik agertu da: «Azkenean etorri da epaile bat».
Lehen testigantza ezin jasota
Jendaurreko ekitaldiak ez, frankismoko biktimen testigantzak ditu helburu Serviniren bisitak —erakunde guztien bilera eskariei ez die baiezkorik eman—, eta horretan jarraituko du. Izatez, atzo zen hastekoa euskal herritarren lekukotasunak jasotzen. Miranda Ebron Felix Padinekin zuen hitzordua arratsalderako, baina bertan behera utzi behar izan zuen. Deklaraziorik ez zion hartu, baina Servini Miranda Ebrora joan zen atzo arratsaldean, ospitalera, Padini bisita egitera. CNTko kidea izan zen, eta faxisten aurkako talde batzuen burua. Atxilotu egin zuten, eta behartutako lanetan aritu behar izan zuen. Kontzentrazio eremuetan ere eduki zuten. CNT sindikatuak iragarri du deklarazioa idatziz helaraziko diotela epaileari.
Kaltzada anai-arrebak Busturiakoak (Bizkaia) dira, eta aita hil zieten, fusilatuta, 1937an. Hautetsia izana zen. Elisa alabak 8 urte zituen aita hil ziotenean, eta Julenek, 2. Beste bost lagunekin batera fusilatu zuten Doroteo Kaltzada, Derion (Bizkaia). Julen bera kartzelan eduki zuten gero; frankismoaren aurka aritu ziren apaizen taldekoa zen, eta Burgosko prozesuan ere epaitu zuten. Amnistia legearekin utzi zuten aske.
Bihar Espainiara joatekoa da Servini epailea, Sevillara. Malagara joango da gero, eta azkenik, Madrilera. Han ere kazetarien aurrean agerraldi bat egingo duela iragarri du plataformak. Maiatzaren 30ean, datorren asteko ostiralean, bueltatuko da Argentinara.
Aurrera jarraitzen du ikerketak. Lau Haizetara Gogoan plataformak tentuz jokatzeko eskatu du, hala ere. «Ilusio eta itxaropen gehiegi» sortzen ari dela iritzi dio, izan ere. «Frustrazio handi batek kontrako eragina izan dezake».